San Telmo Museoak 120 urte bete ditu

Bizkaie! 2022-10-06 08:56   Kulturea

Dobako bisita gidatuak egingo ditue urrian.

Maialen Chourraut | Ikusi handiago | Argazki originala

Gipuzkoako eta Hego Euskal Herriko museorik zaharrena da Donostiako San Telmo Museoa: 1902ko urriaren 5ean zabaldu eben, Museo Historiko, Artistiko eta Arkeologikoa izenagaz. Hortaz, 120 urte bete dituala ospatzen dabiz egunotan bisita gidatu, tailer eta ate edegien bidez.

Atzo, eguaztena, 120 urte bete zituan egunean bertan, nahi izan eben herritar guztiak sartu ahal izan ziran museoan, doban, ate edegien egunean. Era horretara, donostiar eta bisitari guztiek bat egin eben ospakizunakaz. Iluntzean, urteurreneko ekitaldi nagusia egin eben. Han izan ziran erakunde publikoetako ordezkariak, museoaren babesleak eta ongileak. 

Ganera, dobako bisita gidatuak egiten dabiz urrian, eta parte hartzen dabenek ez dabe museoaren sarrerarik pagau beharko. Hori bai, aurretik izena emon behar da (hemen).

Martitzenetan eta domeketan, euskerazko bisita gidatua egingo dabe 12:00etan eta gaztelaniazkoa 18:30ean. Zapatuetan, alderantziz, hau da, eguerdian gaztelaniaz eta 18:30ean euskeraz.

Ganera, urriko zapatu guztietan umeak dituen familientzako tailerrak atontzen dabiz San Telmon, Paperezko museo bat izenburupean. Aran Santamariak gidatuta, parte-hartzaileek euren museoa sortu ahal izango dabe pop-up teknikearen bidez.

Urteurrena aprobetxauta, San Telmo Museoak ahalik eta herritar gehien erakarri nahi ditu, jardueretan parte hartu daien eta museoaren komunidadearen parte izan daitezan. Hortaz, kanpainea hasi dau, STM nire pasioa lemapean, museoaren lana gizarteratu eta jentea parte hartzera animetako.

Egunotako bisitaldi eta tailerrak kanpainearen parte dira, baita persona ezagun zein anonimoakaz egindako argazkiez gan. Persona horreetako bakotxa museoko artelan baten alboan agertzen dira. Esate baterako, goiko argazkian Maialen Chourraut kirolari olinpikoa ikusi geinke, piraguako arrauna eskuan, Aurelio Artetaren Arraunlariak koadroaren ondoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu