Plentziak udaletxearen mendeurrena gogoratuko dau asteon
2022-10-05 11:05 KultureaKontzertuak, bisitaldiak, tailerrak, azokak eta beste, urriaren 7tik 9ra.
Plentziako udaletxearen eraikinak ehun urte bete ditu eta hori ospatuko dabe Udalak eta Plasentia de Butron Museoak, urriaren 7tik 9ra, egitarau bete-beteari esker. Bide batez, XIII. mendean Plentziako uribildua sortu zaneko urteurrena gogoratzeko aprobetxauko ditue ekitaldiak.
Udaletxearen historiaren eta ezaugarrien barri emoten dauen erakusketea da programazinoaren ardatzetako bat. Urriaren 7ra itxaron barik, dagoeneko ipini ditue erakusketako panelak, herritar eta bisitariek ikusi daiezan. Astillero plazako kioskoan eta udaletxeko arkupeetan dago.
Barikuan, hilak 7, doinuz eta kantuz hasiko ditue ospakizunak. Eguerdian, Kantujirea egingo dabe Plentzia Kantagunegaz ; 20:00etan, kontzertua Santa Maria Magdalena eleizan, Ana Camilo sopranoaren, Gorka Aginaga pianistearen eta Iraunkor abesbatzearen eskutik.
Zapatuan Dkode tailerrak egongo dira 6 eta 11 urte bitarteko umeentzat eta videomapping saioa udaletxean. Eraikinaren fatxadan proiekzinoak egingo ditue, 21:00etan. Ondoren, pase gehiago egongo dira.
Azken egunean, domekan, artisautza azokea ipiniko dabe Astillero plazan. Plentzia eta bere ibilbide arkitektonikoak izeneko bisitaldi gidatuak egin ahal izango dira goiz eta arratsalde. Ganera, baso azpikoetan Plentziako argazki historikoak egongo diran, herritarrak establezimendu batetik bestera joan daitezan animetako, bildumea osotuteko.
Egitarau osoa hemen (PDF 2,5MB).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!