Inés Camiña, Film-luzeetarako Julio Alejandro XIX SGAE Gidoi Sariaren finalisten artean

Bizkaie! 2022-10-05 09:21   Kulturea

Gidoi irabazleak 25.000 euro jasoko ditu eta 3.500, barriz, finalista bakotxak.

SGAE Fundazinoak Film-luzeetarako Julio Alejandro XIX SGAE Gidoi Sariaren barri emon dau; 2022ko edizinoan, Inés Camiña (Bilbo, 1991), Catalina izenburuko lanagaitik, Alberto Gross (Las Palmas, 1996) eta Tomàs Bayo (Lleida, 1996) Catorce de marzo lanagaz eta Una mujer en el bosque lanagaitik César Sodero gidoigilea (Argentina, 1977) dira hautagaiak.

Epaia 2022ko urriaren 9an jakinarazoko dabe 55. Sitges – Kataluniako Nazinoarteko Fantàstic Zinemaldiaren barruan.

Urteroko sari hau erabilten dau SGAE Fundazinoak ikus-entzunezko eduki barrien produkzinoa bultzatu eta literatura zinematografikoaren kalidadea sustatzeko. 25.000 euro aurrikusi dira irabazlearentzat eta 3.500 euroko ohorezko aitamen bi finalistentzat.

Film-luzeetarako Julio Alejandro XIX SGAE Gidoi Sari honetara, Luis Buñuelen Viridiana film ospetsuaren gidoilari izandakoaren omenez deitutakora, hain zuzen be, Espainia eta Iberoamerikako 170 lan aurkeztu dira.

Epaimahaian honako gidoilari honeek dagoz: Daniela Fejerman (gidoilari eta zuzendaria), Ana Piles (gidoilaria) eta Isabel Sánchez Castro (gidoilaria). Hirurek egin dabe lan Silvia Pérez de Pablosen ardurapean (SGAE Fundazinoko ikus-entzunezkoen zuzendari instituzionala). Aurreko Irakurketa Batzordean Chus Gutiérrez, Manuel Gutiérrez Aragón, Lola Mayo eta Juan Tébar zuzendari eta gidoilariak egon dira.
Inés Camiña, finalista

Inés Camiña (Bilbo, 1991)

Catalina proiektua aurkeztu dau lehiaketara, hau da, ezkontzeagaz oso pozik ez dagoan etxekoandre baten istorioa, familia jagoten ibili izan dana; senarrak garun-isuri bat jasaten dauenean, hilkortasunaz eta bildurrez jaubetzen da eta horreei aurre egiten ausartuko da, lehen aldiz, bizi nahi dauen bizitzea topau guran.

Camiña SGAE Fundazinoaren Telebistako Serieak Sortzeko IX. Laborategirako aukeratua izan da 2022an María del Carmen contra el mundo proiektuari esker. Zuzenbidean eta ADEn graduatua dago Deustuko Unibersidadean eta gidoiko masterra egin eban New Yorkeko Unibersidadean. Antzerki laburreko piezak idatzi ditu, eta José Sámano eta José Sacristánegaz batera, Señora de rojo sobre fondo gris erantzun bikaineko antzezkizuna moldatzerik izan dau, ha Miguel Delibes handiaren elaberri sendoenetakoa izanik.

Azken urteotan sari beroni eutsi deutse honako gidoigileek be: Pablo eta Daniel Remón Mala cosecha-ri esker, 2013an; Adán Aliaga eta Alfonso Amador Hielo y fuego lanari esker, 2016an; Amílcar Salatti AM.-PM gidoiagaz, 2018an; Javier Félix Echániz eta Asier Guerricaechebarría euskal egileak Sorbeltz lanari esker, 2019an; 2020an, El secreto de los Reyes Magos izeneko animazino zinteagaitik Javier Dampierre eta Nacho Sánchez Quevedo; eta Yo no moriré de amor lelopeko gidoiagaitik Marta Matute, 2021ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu