Gure Artea 2022 saria jaso dabe Mari Puri Herrerok, Nora Aurrekoetxeak eta Consonni-k
2022-10-05 08:40 Kulturea40 urte bete dira sariak sortu ziranetik.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroailea Gure Artea 2022 sariak emoteko ekitaldiaren buru izan da bart. Sariok arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin emoten diran saririk garrantzitsuenak dira. Donostian, Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan, egin da ekitaldia eta bertan jaso dabe autorpena: Mari Puri Herrerok ibilbide artistikoa autortzeko Gure Artea saria jaso dau, Nora Aurrekoetxeak sorkuntza-lana autortzekoa eta Consonnik arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzekoa.
Zupiriagaz batera ekitaldian Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti be egon dira beste agintari eta arte eta kultur sektoreko hainbat ordezkarigaz batera. Gure Artea 2022 sarietako epaimahaiko kide Damaris Pan, Fernando Pérez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi be bertan izan dira.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gogorarazo dau aurten Gure Artea sariek 40 urte beteten dituela eta nabarmendu dauenez, Gure Artea sariek gure artea da ardatz, euskal artea, edo gure ingurunean edo testuinguruan emoten diran arte-sorkuntzea eta artearen inguruan gure herrian sortzen eta eregiten gabizen Artearen sistemea. Gure Artea sariak Artearen euskal sistemearen ikur dira.
Zupiriaren esanetan, Gure Artea sariek ikusizko arteen egungo euskal testuinguruan personek, talde eta eragileen sorkuntza eta lankidetza-lana dago oinarrian. Testuinguru horretan, gaur egun, kultura-erakunde nabarmenak dagoz, ekosistema bat eta hor sortzaileek, komisarioek, taldeek, ekimen publiko eta pribatuek jarduten dabe, unibersidade-sistema bat eta herrialde honetako erakunde publikoen lankidetzea. Erakunde horreek, euren programa eta politika publikoakaz, ingurumen-baldintza jakin batzuk sortzen laguntzen dabe, sortzaileen eta artisten sormena, produkzinoa, zabalkundea, bilduma publikoak edo nazinoartekotzea sustatzeko.
Ibilbide artistikoa autortzeko saria
Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jaso dau ibilbide artistikoa autortzeko Gure Artea saria. Epaimahaiak bere erabagian azpimarratu dauenez Herreroren obra zabalagaitik eta kalidade artistiko bikainagaitik merezidu dau autortza. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egina dau Herrerok eta epaimahaiaren eretxiz, “jardunean jarraitzen dauen sortzaile berezia da—margolaria, grabatzailea eta eskultorea eta bere obrea irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Haren obrak figurazino liriko, poetiko bat islatzen dau eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”.
Epaimahaiak adierazo dauenez, Mari Puri Herreroren herentzia kulturalari eta garaikidetasunaren aurrean dauen interesari esker XX. mendeko Euskal Artea ulertzeko oinarrizko artistetako bat da. Artearen transizino-aldi bat bultzatu eban belaunaldiko kidea da Mari Puri Herrero, forma tradizionalak eta asmo abangoardistak buztartu izanagaitik nabarmendu izan zanekoa. Artistearen sorkuntza-lanak mundu kezkagarri bat islatzen du, mehatxuz eta itxura faltsuz betea, eta erreala eta fantastikoa bat eginda antzemoten dira bertan. Marrazkia eta kolorea menperatzen ditu bikain eta konposizinoaren orekeak eta gainezka egiten dauen irudimenak eta ikonografia personala adierazgarriak dira. Klasikotasun modernoko pinturea lantzen dau.
Sorkuntza-lana autortzeko saria
Nora Aurrekoetxea bilbotarrak jaso dau aurtengo sorkuntza-lana autortzeko Gure Artea saria. Epaimahaiaren erabagiak azpimarratzen dauenez, Nora Aurrekoetxea egungo euskal eskulturearen ordezkari nagusietako bat da. Haren lanotan diziplina ugari agertzen dira (Arte Ederrak, Psikologia eta Sexologia), alde emozionalean sakonduz. Eskulturaren arloan, instalazinoen sorkuntzan oinarritzen da haren lana. Horreetan hainbat lengoaia buztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak.
Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saria
Consonni arte garaikideko produktorea eta Bilbon egoitzea dauen argitaletxe espezializatuak jaso dau arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko Gure Artea 2022 saria. Consonnik hogeita bost urte daroaz euskal artearen panoraman lanean eta Estatuan bakarra da ezaugarri horreek batzen dituana. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, kultura kritikoaren produkzinoa da consonniren esentzia.
1996an sortua da consonni eta epaimahaiak adierazo dauenez, kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan produziduten dau. Artearen eremuan lan egiten dabe (literaturea, irratia edo hezkuntzea), ehunka jarduera sortu eta bultzatu, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak lotuz, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko bat oinarri hartuta. Artistei produkzino-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zan, alkarregaz lan egiteko, produziduteko, laguntzeko, erakusteko, artxibetako kode bat sortuta.
Sariak
Sorkuntza lana autortzeko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saridunak 18.000 eurona jasoko ditue eta ibilbide artistikoa autortzeko saridunak, aurten, 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizinoetan baino 2.000 euro gehiago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!