Martxan da 2023ko Elhuyar Zientzia Azokea
2022-10-04 11:15 KultureaAurtengo edizinoan euskerazko proiektuak baino ez dira onartuko.
Gaurtik aurrera zabalik da 2023ko Elhuyar Zientzia Azokan izena emoteko epea hemen.
Elhuyar Zientzia Azokea gazteek jorratutako zientzia-proiektuen ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik biziteko aukerea emoten dau eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte hartu leikie.
Aurten, lehenengo aldiz, euskerazko proiektuak baino ez ditue onartuko. 12-18 urte bitarteko gazteek eta euren irakasleek zientzia eta teknologia-proiektuak euskeraz lantzeko aukerea izango dabe.
Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren hurreko erreferentziak izan deiezan, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat batu dau Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezan, izan be, daborduko 200 ikertzailek baino gehiagok emon dabe izena gazteen aholkulari izateko 2023ko Elhuyar Zientzia Azokan (eta epea zabalik dago oraindino). Ikertzaile horreen artean, % 51 emakumeak dira, % 48 gizonak eta gainerakoak, genero ez-bitarrekoak.
Ikasle-taldeek erabagitako gaien inguruan ibiliko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinetan, eregiten, konpartiduten eta esperientzia barriak biziten. Benetako profesionalak ezagutuko ditue, eurekaz abenturak eta bizipenak izango ditue eta bidelagun izango ditue beren proiektuak lantzeko.
Lanaren emoitzea euskerazko ikerketa-proiektu bat edo proiektu teknologiko bat izango da eta bagilean izango da horreek aurrez aurre ezagutzeko aukeera, bagilaren 2, 3 eta 4an egingo dan Elhuyar Zientzia Azokearen ekitaldi nagusian (Bilboko Arenalean). Ebaluazinoa Azokan bertan egingo da eta bagilaren 4an bertan emongo dira sariak.
Elhuyar Zientzia Azokearen inguruan jakin beharreko zehetasunak, parte hartzeko baldintzak eta izena emoteko formularioa Elhuyar Zientzia Azokearen webgunean dagoz.
Elhuyar Zientzia Azokeak Eusko Jaurlaritzearen, Euroeskualdearen, Nafarroako Gobernuaren, FECYT Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Erabi erakundearen laguntza ekonomikoa dau eta euskal unibersidade eta ikerketa-zentro nagusien lankidetzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!