Zabalik dago Getxo Sormen Hub-en lan egiteko guneak eskatzeko epea

Bizkaie! 2022-10-04 08:57   Kulturea

Udalerriko kultura eta sormen-sektoreko lehen ekintzailetza-zentroa da.

Algortako Urgull Zentroan egongo da, 22 langune izango ditu coworking formatuan eta sektorea profesionalizetako ekintzak be eskainiko ditu, besteak beste, aholkularitzea, programak eta topaketak.

Getxo Sormen Hub-ek 194m2-ko lokal bat hartuko dau. Zentro barriaren zehetasunak urriaren 19an, eguaztenean, izango dira ikusgai, 12:00etan, Getxo Alkartegian egingo dan informazino-saioan. Jardunaldian parte hartzeko izen-emoteak zabalik dagoz (getxosormenhub@getxo.eus helbidean edo 94 466 01 40 telefonoan). Gainera, espazioa bera hiru egunetan ezagutu ahal izango da zemendian egingo diran ate edegietan. Udaleko Sustapen Ekonomikoko arloak bultzatuta, 2020an udalerriko sektore estrategikoei buruz egindako diagnostikoaren ondoren sortu zan; diagnostiko horretan, udalerrian erregistrautako enpresen eta profesionalen % 11 sektore horretan sartzen dira eta % 95ek baino gehiagok langile bat edo bi dituala ikusi zan.

Holan, igaz Getxo Itsas Hub sortu zan lez, orain topagune barri hau abiarazo dabe, Legegintzaldiko Planaren proiektu estrategikoa, sormen eta kultura-sektoreko enpresei zuzendua, udalerrian enplegua eta inbersinoa sortu, erakarri eta atxikitzeko: Getxon eragin positiboa sortzeko aukera-espazioak eregiten joatea da helburua. Kulturearen eta sormenaren esparru horretan, proiektuak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko dauen sare bat sortu behar dala ikusi dogu eta, holan, sektorea sendotzeko bidean aurrera egin, azaldu dau Iñigo Urkizak, saileko arduradun dan zinegotziak; Getxok mikroenpresen enpresa-sarea
dau gehienbat eta horreei laguntzea da Udalaren lehentasunezko helburuetako bat, lan egiteko, lankidetzan ibilteko eta proiektuak sortzeko espazioak bultzatuz; hori guztia arrazoizko prezioan lehen urteetan adierazota.

Espazioa

Ekintzailetza-zentro horrek 22 lanpostu hartzeko aukerea emongo dau, eremu desbardindu bitan: lanpostu finkoen eremua eta txandakako lanpostuen eremua. Okupazinoa 75 € + BEZkoa izango da hilean lanpostu finko bakotxeko, eta 40 €+BEZ, txandakako postuen eremuan. Kasu guztietan, bulego-espazioak dira, coworking formatuan, proiektuak lantzeko eta eboluzionarazoteko.

Esangura horretan, elektrizidade, internet, klimatizazino, segurtasun, mantentze eta garbiketa zerbitzuez gan, bilera-gela bat (sarbide librekoa, baina aldez aurretik erreserbau beharrekoa) eta arraska, hozkailu eta danok erabilteko moduko mahai bat ditu espazioak.

Baina Getxo Sormen Hub, espazio fisikoa izateaz gan, ekimenaren inguruan sektorea profesionalizetako ekintzak, aholkularitzea, programak eta topaketak sortzen joango da, sektoreko enpresak sendotzen laguntzeko.

Deialdia

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dabe pertsona fisikoek edo Getxoko erakundeek gidatutako enpresa-proiektuek edo udalerrian jarduten dabenek, euren jarduera lantzeko lan-gune bat behar badabe eta Ekonomia Sustapenagaz zerikusia badabe. Proiektuen eta talde sustatzailearen kalidadea, emakumeek gidatutako proiektuak, Getxoko eta Bizkaiko egoitzea, barrikuntza eta proiektuak sormen eta kultura-sektoreagaz lotuta egotea balorauko da.

Lokalak urte birako lagatea ezartzen da, enpresa proiektu bakotxeko urtebete eta gehienez lanpostu bi luzatzeko aukereagaz.

Leku eskaerak Administrazino Elektronikoko Bulegoaren - AEB bidez egingo dira (http://www.getxo.eus), oharpen eredua: Eskaerea Getxo Sormen Hub 2022.

Informazino gehiago Ekonomi Sustapen Sailean, 94 466 01 40 telefonoan edo getxosormenhub@getxo.eus helbidean.


Basque Circular Hub

Gaur, urriak 4, Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroaren Arabako egoitzea aurkeztuko dabe: Amaia Barredo Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordeak eta Gorka Urtaran Gazteizko alkateak aurkeztuko dabe Europako Hegoaldeko ekonomia zirkularraren zerbitzu aurreratuen zentroa: Basque Circular Hub, Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Soziedade Publikoak kudeatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu