Ahots Baten egonaldietan izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2022-10-04 08:21   Kulturea

Euskerazko ahozko sorkuntzan dabizan gazteak Amaiurren batuko dira.

Gazteak 2020ko Ahots Baten egonaldian (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehen Mintzolak egiten eban lez, orain Euskaltzaindiak antolatuko dau Ahots Baten sormen egonaldiaren 8. aldia, Nafarroako Amaiur herriko aterpean, urriaren 29tik zemendiaren 1era. Izena emoteko epea dagoeneko zabalik dago, urriaren 20ra arte. Interesa dabenek bizkor ibili behar dabe, izena emondako hurrenkerearen arabera banatuko dituelako lekuak.

Izena emoteko hemen. 100 euroko kuotea pagau behar da.

Euskerazko ahozko sorkuntzan dabizan gazteek alkar ezagutzeko aukera aproposa da Ahots Baten, antzeko interesak dituenakaz alkartu, esperimentau eta ondo pasetako. Ganera, konbidaduei esker, euren trebetasunetan sakondu ahal izango dabe sortzaile gazteek.

Aurtengo edizinoko konbidaduak Ainhoa Artetxe aktorea, Iñigo Astiz idazlea eta Paxkal Irigoien eta Maia Iribarne-Olhagarai kantariak izango dira. Ganera, Bertsolari Txapelketa Nagusian jazoten dana be landuko dabe. Horretarako, Donibane Garazin jokatuko dan finalaurrekora joango dira eta Amaia Castorene gai-jartzaileak bisitea egingo deutse gazteei.

2021ean amaitu zan Mintzola Fundazinoaren bidea, eta Euskaltzaindiak hartu eban haren proiektuen ardurea. Akademiaren ildo nagusietara egokituta, baina Mintzolak zituan helburuei eutsi deutse, ahozko adierazpideen inguruan. Ikerketan, ezagutzearen transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean jarriko dabe arretea.

Ahots Baten egonaldiek be betiko izakereari eutsiko deutse, euskeraz sortzen daben gazteen alkargune izateko asmoz. Proiektu honetan gazteek euskeraz egiten diran hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskerazko hizkera informala lantzeko modua izango dabe, ahozko kultura-sorkuntzeaz gozetako aukerea emonda, adierazo dabe Euskaltzaindikoek. Horretarako, Bertsozale Alkartearen laguntzinoa izango dau Akademiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu