Bosteko erakusketa ibiltaria Leioan ikusi ahal izango da gaurtik aurrera

Bizkaie! 2022-10-03 12:35   Kulturea

Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren obrak ikusi daitekez.

Habitar/Bizi izeneko erakusketa ibiltariak Basaurin hasi eban ibilbidea eta gaurtik aurrera Kultur Leioan izango da, urriaren 24ra arte; urriaren 27tik zemendiaren 17ra Getxon egongo da. Amorebieta-Etxanok zemendiaren 21etik abenduaren 12ra hartuko dau erakusketa eta Arrigorriagak, barriz, 2022ko abenduaren 15etik 2023ko urtarrilaren 8ra. Aurtengoa XXV. edizioa dau bost udalerritako (Basauri, Leioa, Getxo, Amorebieta–Etxano eta Arrigorriaga) aretoen artean koordinautako erakusketa honek, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauenak.

Bosteko erakusketa ibiltaria Kultur Leioan

Bosteko erakusketearen hogeita bosgarren edizinoa, Habitar/Bizi izenekoa, gaur heldu da Kultur Leioara, Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubio artisten lanakaz.

Personok espazioa zelan bizi dogun eta espazio horrezaz zelan jaubetzen garen ulertzeko beharretik sortu da Habitar/Bizi erakusketea. Ondokoak dira proiektuan parte hartu daben artistak: Izaskun Alonso Saratxaga (Bilbo, 1971), Mikel Garate Aracama (Azkoitia, 1969) eta Jorge Rubio Pinedo (Bilbo, 1972), EHUko Arte Eder Fakultadeko irakasleak. Erakusketa honetan artista bakotxaren lanetik hur dagoan begiradea eskaintzen da:

Izaskun Alonso Saratxaga

Hiru ikuspegitatik heltzen deutso pintureari: Mihisean agertzen dana, errealidade birtualean sortzen dana eta espazioan sortzen dana; hiru jarrera horreek bere giza praktikea zehqzten dabe eta, ondorioz, esku hartutako, pintautako irudikatutako espazioak bere izateari ixten deutso eta paisaje bihurtzen da.

Mikel Garate Aracama

Argazki-irudiak memorian ixten dauen aztarnan oinarrituta lantzen ditu paisajeak. Leku eta garaiak agertzen dira hareetan gertatzen dana behatzen dabenen aurrean, onirikoaren eta gomuteareno fenomenoa da.

Jorge Rubio Pinedo

Saratxagaren lanen bitartez, Jorge Rubio Pinedok ohartarazoten deusku beharrezkoa dala gizakien babeslekuak sortzea, hobetzeko habitatak, personek geure burua babestu eta hazi ahal izateko. Askotan, obrearen eta obrea begirtzen dauenaren arteko komunikazinoa errazten daben narrazino-elementu ezaguterrazak erabilten ditu.

Horrela, bada, Bosteko erakusketeak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortutako hausnarketak jaso nahi ditu eta, horren emoitzea praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko imajinarioa sortzen da.

Izaskun Alonso Saratxagak, Mikel Garate Aracamak eta Jorge Rubio Pinedok biziteari buruz planteetan dituen askotariko begiradek bat egiten dabe erakusketa honetan, arkitektura ikuspegi barrietatik ikusteko gonbidapena baita.

Komisarioak

Bosteko 2022 erakusketako komisarioak Amparo Lozano (Logroño, 1989) eta Julen Araluce (Bilbo, 1984) dira.

Katalogoa

Bosteko 2022 erakusketa ibiltariari buruzko katalogo bat argitaratu da. Katalogo horrek honako honeek batzen ditu: Ekimena sustatzen daben udaletako kultura-arduradunen testu bat, komisarioen idazki bat, artisten hausnarketak eta kultura-aretoetan erakutsiko diran lanen argazkiak. Erakusketa-areto bakotxean egingo diran bisita, alkarrizketa eta topaketen egutegia be jasoten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu