Argazkineta proiektua Abusura helduko da

Bizkaie! 2022-10-03 12:31   Kulturea

Auzoaren antxinako argazki eta materialak batzea da asmoa.

Auzorik auzo dabil Bilboko Udalaren Argazkineta proiektuaren furgonetea, herritarren gomutak eta antxinako materialak batzen. Oraingo honetan, Abusu auzora joko dau, hango memoria lantzeko asmoz. Urriaren 13tik zemendiaren 3ra, auzo horretako Ibaizabal landan egongo da furgonetea, eta herritarrek auzoko argazki zaharrak, diapositibak, kartelak, pegatinak, bideoak eta bestelako materialak laga ahal izango ditue, 2000. urtea baino lehenagokoak.

Furgonetea 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Auzotarrek emondako materialak digitalizauko ditue, gordeteko errazagoa izan daiten, eta abenduan egingo dan Argazkineta Show ekitaldian ikusi ahal izango da batutako guztia. Material originalak auzotarrei bueltauko deutsez.

Argazkinetaren bidez, Abusuko auzotarrek euren historia, lekukotasun eta jazoerak batuko ditue, eta auzoaren historia modu kolektiboan eregi. Hain zuzen be, izakera indartsuko eremua da Abusu, Bilboko urigune nagusitik apartean, bizimodu gogorrari aurre egiteko alkartasunean oinarritu diran auzotarrei esker.

Udalak zehaztu dauenez, Abusu auzoaren definizino zabala hartuko dau kontuan Argazkinetak, Bilbo eta Arrigorriaga artean banatutako eremua da eta. Bolintxu errekearen alde banatan dagoz udalerri biak, baina kalerik kale ibilita mugea igarri be ez da egiten. Hartara, Argazkinetan batuko ditue Bilboko Zamakola eta Urazurrutiatik Abusuko erdigunerainoko materialak, eta handik Santa Isabel, Olatxu eta Ollarganerainokoak be bai, Arrigorriagako lurretan.

Ganera, Buia eta Seberetxe auzoak be kontuan izango ditue proiektuan, urrunago dagozan arren. Abusu inguruagaz lotura geografiko eta sozial estua dabelako sartu ditue baserri-auzo biok.

Argazkineta 2019an hasi zan, Udalaren Bilbao Izan egitasmoaren barruan. Abusuren aurretik, Zorrotzan, Elorrietan, San Inazion, Ibarrekolandan, Sarrikon eta Santutxun ibili da furgonetea materiala batzen. Herritarren erantzun onaren erakusgarri da Santutxun 200 lagun joan zirala materiala emoten, danetara 2.100 objektu eta agiri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu