Artea eta bidaiak buztartu ditue Jesus Mari Lazkanoren omenezko liburuan

Bizkaie! 2022-10-03 09:11   Kulturea

EHUko LAIDA ikerketa-taldeko kideek atondu dabe argitalpena.

Liburua aurkezteko ekitaldia (argazkia: Tere Ormazabal/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bidaiak dira Jesus Mari Lazkano artistearen zaletasuna eta inspirazinoa. EHUn erretiroa hartu dauenez, haren omenezko liburua egin dabe LAIDA ikerketa-taldeko lankideek, artearen eta bidaien arteko loturea erakusten dauen argitalpen berezia. Bidaia-Viaje-Viagem-Travel-Voyage izenburua dau lan barriak.

LAIDA taldeko hainbat kidek, beren-beregi sortutako txatalak zein lehenagokoak erabilita, bidaien eta bidaiatzeko moduen inguruko gaiak batu ditue liburuan, artearen disziplina ugaritatik begiratuta: literaturea (poesia, prosa, saiakerea) zein arte plastikoak (pinturea, grabadua, eskulturea, argazkia, ilustrazinoa...). Susana Jodra eta Iratxe Larrea dira argitalpenaren koordinatzaileak.

Jesus Mari Lazkano bera LAIDA ikerketa-taldeko kide izan zan. EHUn Euskal Literaturako katedradun eta LAIDAko ikertzaile nagusi dan Jon Kortazarrek Lazkanori omenaldia egiteko arrazoiak azaldu ditu: Argitalpen honen bihotza Jesus Mari Lazkano da, bere artelanetan maisutasunez lurralde barriak modu bisual zein metaforikoan bisitetako aukerea behin eta barriro eskaintzen deuskulako.

Artisteari eskerrak emoteko modua be bada liburua, Kortazarren arabera. Eskerrak emon behar deutsaguz benetan lankide eta ikerketa taldeko kide lez bizitzea dan bidaia nagusi honetan une konkretuetan bidaide izateko aukera izan dugulako.

Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) Arte Ederretan doktorea da, De la distancia entre lo formal en arquitectura y la arquitectura como imagen... izan zan tesiaren izenburua. Erretiroa hartu arte, Arte Eder Fakultadeko pintura irakasle titularra izan da. Ganera, erakusketak egin ditu Europan, Estadu Batuetan eta Asian, eta sari ugari emon deutsez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu