Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika, finalaurrekoetara

Bizkaie! 2022-10-03 07:50   Bertsolaritzea

Gotaine-Irabarne eta Gasteizko saioak irabazi ditue, hurranez hurran.

Bigarren astegoieneko saioak jokatu dira zapatuan eta domekan, Gotaine-Irabarnen eta Gasteizen. Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika izan dira irabazleak, hurranez hurran, eta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo fasera zuzenean pasau dira, finalaurrekoetara. Ganerakoek puntuen sailkapenaren zain geratu beharko dabe.

Zapatuan, Gotaine-Irabarnen, puntuazinoan alde handiak egon ziran sei bertsolarien artean. Nerea Ibarzabalek 738 puntu batu zituan, fase honetan orain arteko gehien, eta Oihana Iguaran bigarrenak be puntu pilo bat batu eban, 737,5.

Ane Labaka hirugarrenari 694,5 puntu emon eutsezen epaileek, Julio Soto laugarren izan zan (691), Eneko Lazkoz bosgarren (649,5) eta Patxi Iriart seigarren (604,5).

Domekan, Gasteizen, puntuazinoak pixka bat apalagoak izan ziran, baina Haritz Mujika goi-goitik ibili zan eta 695,5 puntu batzeagaz nahikoa izan eban saioa irabazi eta finalaurrekoetako txartela eskuratzeko. Miren Artetxe bigarrenak 670 puntu batu zituan.

Gasteizko saioko beste puntazinoak honeek izan ziran: Iban Urdangarinek 660,5, Xabat Galletebeitiak 655,5, Amaia Iturriotzek 648 eta Manex Agirrek 573,5.

Hurrengo asteburukoak izango dira final laurenetako azken saio biak. Hortaz, puntuen behin betiko sailkapena egin ahal izango da eta hurrengo fasera nortzuk pasauko diran jakingo dogu, saioen irabazleakaz batera.

Urriaren 8an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, sei bertsolari izango doguz oholtzan: Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita. Gai-jartzailea Leire Garatxena izango da.

Domekan, 9an, Lizarrara helduko da Txapelketa Nagusia. Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi izango dira oholtzan, Amaiur Lujanbio gai-jartzailearen aginduetara. Donostiako eta Lizarrako saioak 17:00etan hasiko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu