Unamunoren erretratuak erakusketa batean batu ditue

Bizkaie! 2022-09-30 13:40   Kulturea

Bilboko Abandoko udaltegian, zemendiaren 30era arte.

Abandoko udaltegian dago erakusketea (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Miguel Unamuno idazle eta pentsalari bilbotarraren jaiotzearen 158. urteurrenaren kontura asteon egiten dabizan ekitaldien artean, haren alderdi ezezagun baten barri emoten dauen erakusketea zabaldu dabe Abandoko udaltegian. Izan be, erretratu askotan agertzen da Unamuno, eta berak be lagunen erretratu batzuk marraztu zituan. Zemendiaren 30era arte ikusi leitekez horreetako batzuk, eta sartzea doban da.

Betierekoaren metaforak: Erretratuak eta bere garaiko artistekiko harremanak izenburudun erakusketea Bilboko Udalak antolatu dau, baina Salamancan dagoan Unamunoren Museo-Etxearen laguntzinoa ezinbestekoa izan da, hango artxibategian gordeten diralako idazlearen erretratu asko, baita argazkiak be. Marta García Gasco da komisarioa.

Erretraturik erretratu, XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako gizartearen egoerea eta giro artistikoa ezagutu ahal izango doguz. Urtero Bilbon egiten dan Unamunoren urteurrenaren helburua da haren obrea zabaltzea, eta erakusketa honek orain arte jorratu bako bide batetik agertzen dau idazlearen ekarpena, arte plastikoetatik.

Artista ezagun ugarik marraztu zituen Miguel Unamunoren erretratuak, besteak beste, Macario Marcoartuk, Joaquín Sorollak edo Manuel Losadak. Azken hau idazlearen lagun handia izan zan.

Unamunok berak be marrazten zituan erretratuak. Umetatik izan zan arte plastikoen zalea eta Antonio Maria Lekuona artista kostunbristearen ikasle izan zan. Kurutze kaleko pisu batean eukan estudioa Lekuonak, Unamuno familiagaz bizi zan eraikin berean. Euskal artean zabaltzen hasi ziran jokera modernoak Unamunoren interesekoak ziran eta lotura sendoa izan eban orduko artista askogaz.

Gonzalo Olabarria zinegotziak hartu dau parte erakusketearen inaugurazinoan. Unamunoren alderdi barri bat topau nahi izan dogu, ezezagunagoa: erretratugilea eta erretratatua, adierazo dau. Ez naiz nirea, publikoarena naiz sarri esaten ei eban idazleak eta, Olabarriaren ustez, orain horrek garrantzi handiagoa hartzen dau erakusketa honetan, bere begiradatik eta ezagutu eben beste batzuenetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu