Gotaine-Irabarnera eta Gasteizera helduko da Txapelketa Nagusia

Bizkaie! 2022-09-30 11:05   Bertsolaritzea

Beste kanporaketa bi astegoienean.

Gotaine-Irabarnen (goian) eta Gasteizen (behean) kantauko daben bertsolariak | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko astean Getxon eta Arrasaten lehenengo saio biak jokatuta, martxan da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Zapatu-domekan (urriak 1 eta 2) datoz hurrengo kanporaketa biak, kasu honetan Zuberoako Gotaine-Irabarnen eta Gasteizen.

Final laurenetako saiootan, irabazleak zuzenean pasauko dira finalaurrekoetara. Ganerako bertsolariakaz puntuen araberako sailkapena egingo da, eta faseko saio guztiak jokatu eta gero, puntu gehien daukienek be aurrera egingo dabe. Hortaz, astegoien honetan finalaurrekoetan egongo diran beste biren izenak ezagutuko doguz.

Gotaine-Irabarneko Herriko Gelan, zapatuan 17:00etan, sei bertsolarik kantauko dabe oholtzan. Ane Labaka, Eneko Lazkoz, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Patxi Iriart dira. Gai-jartzailea Aritz Bidegain Aire izango da.

Ordu berean, baina domekan, Gasteizko Europa Biltzar Jauregira helduko da Txapelketa Nagusia. Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Ibai Urdangarin, Manex Agirre Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia egongo dira oholtzan, Oier Azkarraga Grajales gai-jartzailearen aginduetara.

Gotaine-Irabarnen zein Gasteizen, fase guztian lez, epaile berak egongo dira bertsolarien lana epaitzen: Egoitz Iradier Martinez de AlbenizEneko Bidegain AireJurgi Fuentes GoikoetxeaKarlos Ibarguren OlaldeLeire Beloki LizarraldeMiriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Getxoko eta Arrasateko saioek ikusmin ikaragarria eragin eben, bost urte eta gero zaleak Txapelketa Nagusiko bertsoak entzuteko gogoz egozan. Aretoak lepo bete ziran. Astegoien honetan be, giro bikaina espero da Gotaine-Irabarnen zein Gasteizen. Sarrera batzuk geratzen dira saltzeko, Bertso Sarrerak webgunean edo, bestela, saioaren egunean txarteldegian.

Iruñeko finalerako sarrerak, ostera, agortu egin dirala jakin eragin dau Bertsozale Alkarteak. Bestetik, Bizkaie! webguneko irakurleen artean saio batzuetarako sarrerak banatzen gabiz, hurrengoak zemendiaren 12an Durangon jokatuko dan finalaurrekorako izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu