Bilboko Zirkuituak dozena bat ikuskizun dakarz abendura arte
2022-09-30 08:23 KultureaInguruko talde amateur edo erdi-profesionalei oholtzara igoteko aukerea emotea da asmoa.
Bilboko Udalak martxan ipini dau XXII. Bilboko Zirkuitua, antzezlanak eta jantza ikuskizunak uriko barruti guztietara eroan eta bertoko sortzaileei bultzadea emoteko. Ohiko moduan, Bilbo eta inguruetako talde amateur edo profesionalen obrak dagoz egitarauan, danetara dozena bat ikuskizun, urriaren 6tik abenduaren 29ra.
Edizino honetan, Altamira, Basurtu, Begoña, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako udaltegietan izango dira saioak, baita Solokoetxeko institutuan be. Proposamen barritzaileei lekua egin deutsela adierazo dau Udalak.
Hitzordu guztiak eguenetan dira. Lehenengo antzezlana urriaren 6an ikusi ahal izango da Otxarkoagako udaltegian. El viaje de Aullidos de Otxar lanean, hamar urteko bidearen errepasoa egiten dau Aullidos de Otxar taldeak. Era berean, Otxarkoaga auzoaren historiako hainbat mugarri be agertzen dira.
Urrian beste saio bi iragarri ditue. 13an, Errekalden, Luna Llena beteranoen Tuper XXX; eta 20an, Begoñan, proposamen hirukotxa Potemkin-Erein Kolektiboaren, Kasparte Teatroren eta Resisten Cía-ren lan laburrei esker.
Zemendiak eta abenduak beste launa hitzordu ekarriko ditue. Besteak beste, Euri Artean, La Trastienda Teatro, Totum eta 29 Producciones taldeek erakutsiko ditue euren lanak Bilboko auzoetan. Azken saioa, Basurtuko udaltegian, abenduaren 29an izango da, 29 Produccionesen Un poeta en Nueva York.
Egitarau osoa eta argibide gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!