Urritik abendura, 500 ikuskizun inguru SAREAko aretoetan

Bizkaie! 2022-09-29 13:48   Kulturea

EAEko 58 udalerritara heltzen da gune eszenikoen sarea.

Erakunde publikoetako ordezkari ugari batu dira Gasteizen, SAREAko programazinoa aurkezteko (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan titulartasun publikokoak diran 69 areto, 58 udalerritan dagozanak, batzen ditu SAREA alkarteak. Gasteizen aurkeztu dabe 2022ko azken hiruhilekoko programazino eszenikoa, estreinaldiz eta nobedadez betea, herritar guztien gustukoa izateko asmoz atondua.

SAREAko zuzendaritzako kide Miriam Romarategaz batera, Gasteizen izan dira Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputadu Ana del Val eta EUDELeko ordezkari Txomin Sagarzazu.

Erakunde publikoen eta kultur programatzaileen bultzadaz, arte eszenikoen kalidadezko programazino egonkorra atontzeaz arduratzen da SAREA, alkarteko 69 aretoetarako. Egitaraua koordineteaz gan, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak optimizau eta arte eszenikoen publikoa sortzen laguntzen dau SAREAk.

Kontuak kontu, 2022ko azken txanpan 200 konpainiaren 300 ikuskizun inguru programauko ditue, 500 emonaldi edo saio guztira. Erdiak pasautxu antzezlanak dira, eta laurenak baino gehiago, kontzertuak. Ganerakoak jantzeari lotutako ikuskizunak dira.

Urte amaierara arte programautako ikuskizunen % 84 helduentzat dira, eta besteak umeentzat be aproposak. Hizkuntzei jagokenez, erderea da jaun eta jaube, saioen laurena baino ez dira euskeraz. Ganera, euskerazko ia guztiak umeentzat dira. Beste hizkuntza batzuetan edo testu barik be badagoz emonaldi batzuk.

Euskal konpainiek SAREAren eskaintzan izango daben leku zabala azpimarratu dabe Gasteizko agerraldian. Batez be, biran dabizan konpainien eskaintzea da nabarmena. Besteak beste, Glu Gluren Munduari itzulia 80 egunean, Txaloren Ixilik hobe, Artedramaren Hondamendia, Logela Multimediaren Anbotoko Mari eta Kukairen Yarin ibiliko dira aretorik areto hurrengo asteetan.

Era berean, aurreko denporaldian estreinautako obra batzuek programazinoan segiduko dabe, jantzan zein antzerkian (Gorakada, Atx, Marie de Jongh, Lasala...). Kanpoko artista batzuek be geldialdia egingo dabe SAREAko aretoetan: Estefanía de Paz Asín, Teatro Corsario eta Chévere konpainiak antzerkian; eta Olga Pericet eta Marta Alonso jantzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu