Rubens da Arte Eder Museoko konbidadua
2022-09-29 09:43 KultureaArtista flandriarraren zazpi pintura ekarri ditue Baionatik.
Beste museo eta arteleku batzuetako obrak bertoko publikoari erakusteko asmoz, Obra Gonbidatua programea martxan dau Bilboko Arte Eder Museoak. Oraingo honetan, Peter Paul Rubens, Alemanian jaiotako pintore barroko flandestarra (1577-1640) aukeratu dabe. Baionako Bonnat-Helleu Museotik ekarri ditue Rubensen zazpi zirriborro, Madrilgo Paradako Torrea apaintzeko prestakuntzetan egin zituanak.
Balio artistiko eta historiko handiko zazpi pinturen osogarri, beste pieza batzuk be ikusi ahal izango dira Obra Gonbidatua egitasmoaren aldi honetan: batetik, tapiz baterako zirriborroa; bestetik, Paulus Pontiusek XVII. mendean egindako hiru erreprodukzino, honeek be Bonnat-Helleu Museoak lagatakoak.
Rubensen ibilbide oparoko azken txanpan, Espainiako Filipe IV.a erregearen enkargua jaso eban: Madrilgo kanpoaldean erabarritzen ebizan Paradako Torrerako 115 mihise. Urte biko epea baino ez eukanez, Anberesen eukan tailerreko laguntzaileakana jo eban Rubensek, pintura guztiak danen artean egiteko. Aurretik, baina, danen zirriborroak egin zituan artisteak (1636 inguruan), tamainu txikiagoan eta olioa ohol ganean erabilita, eta horreetako zazpi heldu dira Bilbora.
Artelanotako gaiak, gehienbat, mitologikoak dira, Rubensen teknika bikainaren eta irudimen mugabakoaren erakusgarriak. Ovidio autore erromatarraren Metamorfosiak lanean oinarritu zan. Paradako Torrea ehizako pabilioia zan ezkero, ezin da falta Apolo eta Dafne jainko-jainkosen mitoaren inguruko pinturea. Dafne ehiztariaz maitemindu zan Apolo, Kupidoren geziak jota, baina ez eban helburua lortu.
Zirriborroetan agertzen diran beste gai batzuk dira Kupido eta Psikeren istorioa, Herkulesen gorabeherak, Selene jainkosearen ibilerak eta beste. Madrilgo Prado Museoko aditu Alejandro Vergararen laguntzinoa ezinbestekoa izan da Bilboko erakusketea atontzeko, Rubensen obrea ondoen ezagutzen dabenetako bat dalako.
Zirriborrootan oinarritutako pintura handiak 1639aren bueltan amaitu zituen Rubensek eta haren lankideek. Baina Parada Torrean sutea egon zan 1714an eta guztiak galdu ziran. Hortaz, Rubensen obra zabalaren lekuko bakarrak tamainu txikiagoko zirriborroak dira, tartean Bilbon ikusi leitekezen zazpirak.
2023ko urtarrilaren 22ra arte ikusi ahal izango dira Rubensen zazpi zirriborroak Bilboko Arte Eder Museoan, baita erakusketearen osogarri diran tapizaren zirriborroa eta Paulus Pontiusen hiru erreprodukzinoak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!