Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal ikerlariei autortzea

Bizkaie! 2022-09-28 12:40   Pil-pilean

Emakumeek ikerkuntza zientifikoan egiten daben lana gizarteratzea da Ikerbasqueren helburua.

Marta Olazabal, Amanda Sierra eta Jasone Cenoz (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

EAEn ikerkuntza zientifikoan dabizan hiru emakumeri autortzea egin deutse Ikerbasquek: Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabali. Laugarren urtez emon ditue sariok, emakume ikerlarien lana gizarteratu eta belaunaldi barrientzat eredu bihurtu daitezan.

Hiru sarituez gan, ekitaldian izan dira Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Ikerbasqueko zuzendari Fernando Cossío, EHUko errektore Eva Ferreira, MUko errektore Vicente Atxa eta Bilboko Botikazar institutuko ikasleak.

Autortzea nori egin erabagiteko orduan, hautagai bakotxaren merituak aztertzeaz gan, hiru sarituen ezaugarrien arteko orekea bilatu dabe, jakintza-arloari zein edadeari jagokonez. Hiru atal dagoz: Advanced dalakoan, Jasone Cenoz saritu dabe; Consolidator Amanda Sierrarentzat izan da; eta Starting kategorian, Marta Olazabalentzat.

Ebaluazino Batzordeko kideek azaldu dabenez, aurten sekula baino hautagai gehiagoren artean aukeratu behar izan dabe, emakumeek egindako zientziak dauen potentzialaren erakusgarri. Edozelan be, aho batez hartu dabe Cenoz, Sierra eta Olazabal saritzeko erabagia.

Honeexek dira hiru zientzialarien ibilbideak:

- Advanced-Jasone Cenoz

EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen katedraduna da, eta bigarren eta hirugarren hizkuntza lez ingelesa ikastearen inguruan egin eban doktoretzea. Izan be, hezkuntza elebiduna, paisaje linguistikoa eta hizkuntzak ikasteko prozesuak jorratzen ditu gehienbat.

Epaimahaiak modu berezian nabarmendu dau Cenozek hezkuntza arloan dauen ibilbide oparoa, lider izateko gaitasuna eta nazinoartean erreferentziazko ikertzailea izatea. Zientziagaz dauen konpromisoa eta sare zientifikoan dauen parte-hartzea be aitatu ditu.

- Consolidator-Amanda Sierra

Neurozientziak ikertzen dituan Achucarro zentroan dabil, alor horretan doktore da eta. Garuna birsortzeko mekanismoak jorratzen ditu gaixotasun neurodegeneratiboen alorrean eta aurrerapenak egin ditu garunak zelula hilak bizkor garbitzeko erabilten dituan prozesuak ulertzeko orduan.

Epaimahaiaren ustez, bere alorrean liderra da Sierra, eta kalidade eta nazinoarteko eragin handiko produkzino zientifikoa da berea. Era berean, gizartean zientzia zabaltzeko konpromiso sendoa dau, bai eta zientzian emakumeen bardintasuna lortzekoa be.

- Starting-Marta Olazabal

Lurraren Ekonomian doktore eta BC3 zentroan aldaketa klimatikora egokitzeko taldearen gidaria da. Aldaketa klimatikora egokitzapena eta uri-erresilientzia dira bere alor nagusiak eta Europako ERC Starting Grant beka ezaguna emon deutse.

Bere alorrean aitzindari dala azpimarratu dau epaimahaiak, ikerketearen alderdi barritzaileak jorratzeari ekin deutsalako. Olazabal gazte-gaztetatik nabarmendu da ikerkuntzan, Ebaluazino Batzordearen esanetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu