Santurzine Bilbora helduko da 10. edizinoan

Bizkaie! 2022-09-28 09:56   Zinemea

Santurtzin bertan be ekitaldi ugari egongo dira urrian.

Santurzine aurkezteko ekitaldia (argazkia: Santurtziko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Santurtziko Zinema Jaialdiak, Santurzinek, 10. edizinoa beteko dau aurten eta zenbaki biribila ospatzeko ekitaldi berezia egingo dabe Bilboko Itsasmuseumen, urriaren 6an. Horrezaz gan, lehiaketako 50 film inguru ikusi ahal izango dira, lau ataletan banatuta, Santurtziko kultur eta ostalaritza lokaletan.

Urriaren 22ra arte egongo da martxan jaialdia. Santurtziko Udalak azaldu dauenez, sekula baino film gehiago ikusi ahal izango dira aurten eta danak lehiaketearen parte izatea erabagi dabe. 4.000 euro baino gehiago banatuko ditue saritan. Estatukoa, EITB-Euskal Pantailak, Santurtzikoa eta Ibiltariak-Amnesty International dira atalak.

Herriko leku enblematiko batzuetara helduko da Santurzine, esarte baterako, Oriol Jauregira eta Arrantzaleen Kofradiara. Bilboko Itsasmuseumeko ekitaldiari jagokonez, lehiaketaz kanpoko film bi emongo ditue, Estibaliz Urresolaren Cuerdas eta Javi Julioren Aita Mari.

Sorpresa gehiago be badakarz 10. Santurzinek. Hilaren 9an, Ibai Ederra itsasontzian ibilaldia egingo dabe, Itsasadarrean gora, Santurtzin urten eta Bilboko Karola garabiaren aurreraino. Bestetik, Ramon Barearen klase magistralaz gozau ahal izango dabe bertoko zinemagileek, baita Sormen Foroan parte hartu be.

Sariak amaierako galan emongo ditue. Serantes Kultur Aretoan egingo dabe azken ekitaldia, urriaren 22an. Unai Izquierdo izango da aurkezlea eta Santurtziko Udal Bandeak eta Koral Maitia abesbatzeak girotuko dabe.

Amaia Etxanizek egin dau 10. Santurzineko kartela. Honako azalpena emon dau artisteak: Serantes udalerriaren sinbolo ezagun lez agertzen da, eta erakusten deusku lurraldeagaz lotura garrantzitsua dala, definiduten, hazten, sortzen eta berbiztuten gaituelako. Emakume anonimo bat Serantesetik indarrez agertzen da adierazpen askatasunaren aldeko deia egiteko. Emakumea da, gizartean, zinemaren eta kulturan emakumeen ahalduntzearen adibide lez. Anonimoa da, danoi eragiten deuskulako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu