Iruñeko 72-22 Topaketak: Europako hausnarketa, arte eta kulturearen gune
2022-09-27 07:55 KultureaNafarroako Gobernuak urriaren 6tik 18ra egingo dan programazioa aurkeztu dau.
Lehen mailako ehun pentsalari eta artista baino gehiagok mundu garaikidearen erronkak jorratuko ditue, alkarrizketearen, sorkuntzearen, filosofiaren, arteen, literaturearen, musikearen eta zinemearen bidez, Iruñeko 72-22 Topaketan, Nafarroan egingo dan kultura, arte eta hausnarketeari buruzko nazinoarteko topaketan. Programazinoa Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaolak, Topaketen zuzendari-komisario Ramon Andresek eta horreen koordinatzaile Maitena Muruzabalek aurkeztu eben.
Nafarroako Gobernuak atonduta eta Iruñeko 72-22 Topaketen 50. Urtemugan inspirauta, urriaren 6tik 18ra, herritarrek, 27 jarduera, mahai-inguru eta konferentzia, bost sorkuntza-tailer eta musika garaikidearen kontzertuak, jantza, jarduera eszenikoak, musikalak, proiekzino zinematografikoak eta erakusketak lako 35 ekintza artistiko dakarzan programazinoaz gozau ahal izango ditu.
Esnaola kontseilariak prentsaurrekoan adierazo dauenez, 72-22 Iruñeko Topaketak aukera modura hartu daitekez kulturea herritarrakana hurreratzeko. Partaideen lekukotasunak, gizarte mailan, argia eta itxaropena ekarriko deuskulakoan gagoz, izan be, Nafarroko Gobernuko ordezkarion eretxiz, kulturea ezinbesteko elementua da, mundu garaikidearen erronkei aurre egiteko.
Iruñeko 72-22 Topaketak izenburupean, programa zabal eta barrizalea izango da hiru jarduketa-arlotan: Barritaldiak, programazino artistiko eta kulturala eta sorkuntza proiektu barriak.
Programazinoa
Partaideen artean aitagarriak dira pentsamendu, arte, zinema, literatura eta musika garaikidea alorretako erreferenteak; ondokoak etorriko dira gurerea: Svetlana Aleksiévich, Peter Sloterdijk, Massimo Cacciari, Pascal Bruckner, Adriana Cavarero, Donatella Di Cesare, Yuk Hui, Hartmut Rosa, David Rieff, Cynthia Fleury, László F. Földényi eta Carolin Emcke; Ana Blandiana, László Krasznahorkai eta Anne Waldman lako autore jaun-andreak; Sergei Loznitsa, Victor Kossakovsky, Pedro Costa, Paz Encina eta Jose Luis Guerin lako zinemagileak; edota Salvatore Sciarrino, Hilda Paredes,Teresa Catalán eta Tomas Marco lako konpositoreak, besteak beste, Graciela Iturbide, Esther Ferrer, Eva Lootz, Eve Sussman eta Frederic Amat.
Horrezaz gan, Niño de Elche eta Raül Refree autoreen Ecstasis eta Malditas plumas obra eszenikoa, Sol Picó jantzari eta koreografoagaz; Là Zirko Barriaren ikuskizuna, Baró d’Evel konpainia lagun; Kukai Dantzako ikasleakaz konpartidutako esperientzia; eta Verde Prato abeslariaren kontzertua.
Herritarrek, gainera, tailerrak be izango ditue.
Hamar egoitza
Kultura jarduera gehienak Baluarten egingo dira eta uri osoko beste bederatzi egoitzetan: Gayarre Antzokia, Nafarroako Unibersidadeko Museoa, Civivox Kondestablea, Civican, Nafarroako Filmoteka, Nafarroako Liburutegia, Zitadela, Labrit Frontoia eta Katakrak. Sarrerak doban dira baina aurretik gonbidapena hartzea nahitaezkoa izango da prezio murriztuak izango dituen gaueko hainbat jarduera artistiko salbuetsita.
Jardunaldiotan sortuko diran ideia ea hausnarketek jarraipena eta isla artistiko bat izan deien, Topaketen Memoria Artistikoa deialdia jarri da martxan, sorrera barriko obra artistikoaren bost proiektuetarako 15.000 euro emonez. Deialdi honek hautagaiekk Iruñara etortean ordaindutako lekualdatze eta ostatu gastuetarako laguntzak planteetan ditu. Gainera, memoria bat sortuko da 72-22 Iruñako Topaketen argitalpen formatuan eta Ione Atenea zinemagileak eginiko ikus-entzunezko memoria bat be bai.
Hitzarmena
Hitzarmena adosteko bidean, Nafarroako Gobernua, Baluarte Fundazinoa, Iruñako Udala, Nafarroako Unibersidade Publikoa eta La Caixa Fundazioa lankidetzan dabiz Nafarroako Unibersidadea eta Jakiunde Akademia, Caja Navarra Fundazinoa, Jorge Oteiza Fundazino Museoa, Huarteko Arte Garaikide Zentroa, Euskal Herriko Arkitektoen Eskola Ofiziala, Arkitektura eta Gizartea Fundazinoa, Maria Forcada Fundazinoa, Alma Hotela, Butaca 78, Acción Cultural Española edota CCCB (Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroa) lako beste hainbat erakunde be.
Hitzarmen honek, Iruñeko 72-22 Topaketen 50. Urteurrenaren esparruan, ekimen eugarri izango dira urtean zehar.
Programazino honegaz lotutako jarduera guztiak 2022. urterako kultura-mezenasgorako jarduera dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!