Martxan hasi dira hizkuntza-eskolak
2022-09-26 13:11 KultureaHizkuntzen Europako Egunagaz bat, ekitaldia egin dabe Gasteizen.
Irailaren 26a da Hizkuntzen Europako Eguna, ezin aproposagoa EAEko hizkuntza-eskolen ikasturteari modu ofizialean ekiteko. Gasteizko Hizkuntza Eskolan egin dabe ekitaldi instituzionala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz buru. Eskolako instalazinoak ikusi ditu Bildarratzek, eta gela batzuetara bisitea egin.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 14 hizkuntza-eskola ofizial dagoz, eta zortzi hizkuntza irakatsiko ditue 2022-23 ikasturtean: ingelesa, euskerea, frantsesa, alemana, espainiera, italiera, portugesa eta errusiera; A1 mailatik C1 mailara.
Aurreko ikasturtean, 2021-2022an, 23.300 ikasle egon ziran matrikulauta, eta matrikula libreko beste 6.240 batu jakezen. Aurtengoari jagokonez, irailaren 23an amaitu zan plazak esleitzeko lehen fasea, onartutako ikasleen behin betiko zerrendak argitaratuta. Interesa dabenek izena emon leikie oraindino, urtarrilaren 31ra arte, libre dagozan plazak hartzeko.
2001. urteaz geroztik, Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak erabagita, Hizkuntzen Europako Eguna egiten da urtero irailaren 26an. Europar Batasuneko edade guztietako herritarren artean hizkuntzen etenbako ikaskuntzea sustatzea da helburu nagusia.
Euskal Autonomia Erkidegoko 14 hizkuntza-eskolek urtero egiten dabe bat Hizkuntzen Europako Egunagaz, hizkuntzen irakaskuntzan egiten daben lana nabarmentzeko. Gasteizko ekitaldian nabarmendu dabenez, komunikazinoa errazteko edo enplegu-eskaintza barriak eskuratzeko tresnak dira hizkuntzak, Europan ez eze, baita gero eta globalizaduago dagoan mundu zabalean be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!