SGAE Fundazinoak Bilbon ospatuko dau 25. urteurrena

Bizkaie! 2022-09-26 08:30   Kulturea

Hitzordua irailaren 27an izango da, 19:30etik aurrera.



VI. Dunia Ayaso saria emoteko galan egon ziran Maider Oleaga, Lara Izagirre, Ainhoa Rodríguez (Epai-mahaia), Rocío Mesa (irabazlea), Silvia Pérez de Pablos (SGAE Fundazinoa), Antonio Onetti (SGAE) eta José Luis Rebordinos (Zinemaldia). Ⓒ Donostia Festibala / Pablo Gómez

25 urtez egindako lana ospatuko dau SGAE Fundazinoak 25 urte etorkizuna sortzen lelopean. Esangura horretan, hamar bat kultur-jarduera atondu ditue abendura arte, berez, hamarkada bi baino gehiago honeetan sorkuntzeagaz agertu dauen konpromisoa aintzat hartuta. Fundazinoak Estadu aurkezpen eta programazino zabala aurreikusi dau, erakundeari berezkoak jakozan balio nagusiak erakutsiz, hau da, arte-errepertorioak sustatzea eta prestakuntza edo formazinoa jorratzea.

Bilbo da aitatu jarrerearen arloan bazkideakaz, laguntzaileakaz eta erakundeakaz alkarretaratzeak egingo diran urietako bat: Hitzordua datorren martitzenean, irailaren 27an, 19:30ean da, Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan, Euskadin Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiak dauen egoitza nagusian (Bertedona kalea, 3 Bis). Kontzertuak eta sektoreko profesionalen eta euskal egileen testigantzak buztartuko dira: Zuzenean, Verde Prato (Ana Arsuaga), Minúsculo (Ibon Aguirre) edo Olatz Beobide aktore, zuzendari eszeniko eta antzerkigilearen berbaldia. Bertan izango dira Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta beste hainbat erakunde publiko zein pribaturen ordezkaritzak. Lehenengoen artean Denis Itxaso Gobernu-delegatua, Andoni Iturbe Kultura sailburuordea eta Juan Maria Aburto Alkatea zein Gonzalo Olabarria Kultura zinegotzia.

Horreekaz danakaz batera, SGAEko eta SGAE Fundazinoko presidenteek, Antonio Onettik eta Juan José Solanak, hurrenez hurren, gogoetarako abagunea izango dabe: joanaldia gogoratu, etorkizuna orainaren bidez bultzatzeko. Eta SGAE Euskadiko Lurralde konseiluko presidentea be bai, Garbitxu antzerki-zuzendari artistikoa.

Ibilbidea

1997ko abenduaren 11n, Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiak Autor Fundazinoa sortu eban bazkideen egiletzea sustatu eta bideratzeko asmoz. Ordutik, 2013an SGAE Fundazino lez berrizentauta, mundu osoan zehar errepertorioa sustatzeko 6.000 jarduera baino gehiagotan egon da; 150.000 laguntza baino gehiago emon deutsee egileei beren sorkuntza-prozesuetan eta zabal-zabala dan argitalpen bildumea be egin dau, kulturgintzearen eztabaidarako baliotsuak izan diran ikuspegiak buztartuz, tartean, hamaika egileren antzerkigintzak edota ikerketak kaleratuz, danetara, 300 titulu baino gehiago.

Txosten aitagarrienen artean, Arte Eszeniko, Musikal eta Ikus-entzunezkoen SGAE Urtekaria dago, 1999tik egiten dan Espainiako kultura-konsumoaren eredu dan azterketea, hainbat azterlanetarako zubitzat hartzeko baliogarria, berbarako Kultura Ministerioaren Kultur Estadistiken Urtekaria. Gizarte-izakerako laguntzei jagokenez, kalteberatasun-egoeran dagozan bazkideei Gizarte eta Laguntza Sailaren bidez emoten jakezanak, SGAE Fundazinoak 10.000 bazkide baino gehiagori egin deutse mesede hamarkada luze bi honeetan eta batez beste 800.000 euroko inbersinoa egin dau urtean. Gainera, Covid-19aren osasun-krisiak eragindako larrialdi-egoeran, SGAE Fundazinoak 950.000 euro bideratu zituan SGAEren bazkideen artean.

sortu zanetik, Arte Eszenikoen Max Sariak atondu ditu, hitzordu hori erreferente bilakatuz gure antzerkigintza eta jantzagintzearen sektoreetan. Historian zehar, barritzeko eta berpizteko kapaz dan eszena emonkor eta sendo bat ahalbidetu dabe; Iberoamerikako tradizino eszenikoa be balioetsi dabe ohorezko Max Sariagaz. Saritutako 400 ikuskizun baino gehiago dagoz.

Gaur egun, SGAE Fundazinoaren jarduerea hiru arlotan nabarmentzen da: Asistentzia-jarduerea, ikasketen eta prestakuntzearen jarduerea eta sustapen-jarduerea. Egungo gizartearen aurrean, konpromiso batzuk dagoz eta konpromiso horreen parte dira gure egileak, ekarpen benetan aktiboa egiten dabelako, besteak beste, generoen arteko bardintasunean, lurralde-aniztasunean, jatorri-aniztasun eta sexu-identidadean, ingurumen-garapenari egindako ekarpenean eta sektore kulturalaren aldarrikapenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu