Gizarte inklusiboaren aldeko aldarria Gorabideren 60. urteurrenean

Bizkaie! 2022-09-23 12:20   Pil-pilean

Adimen urritasuna dabenei laguntzen alkarteak egin dauen ekarpena txalotu dabe.

Gorabide Eguneko mahai-ingurua, Azkuna Zentroan (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gorabidek, adimen urritasuna daben personen Bizkaiko alkarteak, 60. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala egin dau Bilboko Azkuna Zentroan, erakunde publikoetako ordezkariak eta konbidadu ugari bertan dirala. Jaia eta aldarrikapena batu dituan ekitaldia izan da Gorabide Eguna dalakoa, 60 urtean Gorabidek lan handia egin dauelako, baina oraindino asko falta dalako egiteko.

Parte hartu dabenen artean, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea egon dira. Gorabideko presidente Susana Gobeñak egin deutse harrerea guztiei. Adimen urritasuna dabenen eskubideak hobetzen eta gizarte erantzunkizunaren euskal sistema publikoa eregiten nabarmen lagundu dogu, adierazo dau Gobeñak, alkarteak urteotan egin dauen ekarpenaren laburpen lez.

Gizarte inklusinoa herritar guzti-guztientzat eskuragarri izateko eta oztopoak ezabatzeko beharra azpimarratu dabe ekitaldiko parte-hartzaileek. Urkulluk gero eta bidezkoagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa dan gizartea alkarregaz eregiteko nahia azaldu deutso Gorabideri, inor atzean ez ixteko.

Gorabiden dabizan eta ibili diran behargin, boluntario, senide eta erabiltzaileei eskerrak emon deutsez Lehendakariak, eta aurrerantzean be ekinean segitzeko deia egin dau: Ezin da arretea jatsi eta sarean lan egiten jarraitu behar dogu, aliantzak eta lankidetza-loturak ezarriz. Erakunde publikoen, erakunde pribaduen, gizarte-eragileen eta, batez be, personen esperientzia eta ezagutzea bateratuz.

Juan Mari Aburtok gogora ekarri dau Gorabideri Bilboko Ospetsu izendapena emon jakola orain dala zazpi urte, urian eta Bizkai osoan egiten dauen lana autortzeko. Kontzientzia sozial barria eregitea eta administrazino publikoak persona guztien arteko benetako eskubide-bardintasunaren aldeko konpromiso aktiboa hartzera bultzatzea dira Gorabideren ekarpenak, alkatearen ustez.

2022ko Gorabide Egunaren barruan, ganera, mahai-ingurua egin dabe, alkarteak gizarte-zerbitzuen euskal sistemeari egiten deutsan ekarpena aztertzeko. Bertan izan dira Susana Gorbeña Gorabideko presidentea, Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburua, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputadua eta Valeria Garcia-Landarte Fevas-Plena Inclusión Euskadiko zuzendaria.

Jardunaldia amaitzeko, adimen-urritasuna dabenen erabateko inklusinoaren aldeko ohiko euritakokadea egin dabe Bilboko Bizkaia Plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu