Gernika-Lumok eta Ukrainako Irpin uriak alkarren arteko loturea estutu dabe

Bizkaie! 2022-09-23 10:23   Pil-pilean

Munduko bakearen, askatasunen eta giza eskubideen alde lankidetzan ibiliko dira.

Serhii Pohoreltsev eta Jose Maria GorroƱo (argazkia: Gernika-Lumoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gerreak ekarritako suntsipena ezagutu dau Ukrainako Irpin uriak oraintsu, Errusiako tropek egindako erasoagaitik. 1937ko bonbardaketea gogoan eta munduan bakearen aldeko urien artean ezagunenetakoa dan ezkero, Gernika-Lumok adiskidetasun-akordioa sinatu dau Irpinegaz, uri bien arteko loturea estutzeko asmoz.

Gernika-Lumoko udaletxean egin dabe ekitaldi instituzionala, Jose Maria Gorroño alkatea buru. Irpinen izenean, Ukrainak Espainian dauen enbajadore Serhii Pohoreltsevek sinatu dau agiria. Anna Sroka Poloniako enbajadorea be bertan izan da.

Aurrerantzean, Gernika-Lumok eta Irpinek munduko bakearen, askatasunen eta giza eskubideen defensan alkarregaz lan egiteko konpromisoa hartu dabe. Ganera, kultur programea martxan jarriko dabe uri biek, jantzea, musikea, antzerkia eta beste diziplina batzuk kontuan hartuko dituana, baita berbaldiak be.

Bien arteko truke-programak atonduko ditue, herritarren artean kultura demokratikoa, giza eskubideak eta bakerako hezkuntzea sustatzeko, Iñaki Gorroño alkateordearen esanetan. Lantaldeak sortzea aurreikusi dabe, jarduerak behar dan moduan egiten dirala eta egutegiaren jarraipena egiten dala jagoteko.

Pohoreltsev enbajadoreak Gernikara egindako bisitaldia Ama, nik ez dut gerra nahi! erakusketea zabaltzeko aprobetxau dabe, Elai Alai aretoan. Gatazka armaduen ikaragarrikeriari buruzko Poloniako eta Ukrainako lankidetza-proiektu baten emoitzea da. Alde batetik, Bigarren Mundu Gerran ume poloniarrek egindako marrazki historikoak ikusi leitekez, Varsoviako Dokumentu Barrien Artxibokoak; bestetik, ume ukrainarrek gaur egungo gerran egindako marrazkiak dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu