‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2021’ argitaratu dabe

Bizkaie! 2022-09-23 10:13   Kulturea

Mondragon Unibersidadeak argitaratzen dituan argitalpenen artean deskargatuena da.

Gidearen berbaurrean adierazo daben moduan, talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketearen emoitzea da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan nahi dau. Bildumearen egileen eretxiz, 'gida honek ezin dau irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen dauen plazerra bera be, ez baita talde honek egiten dauen irakurketearen adierazpena baino”.

14 lagunek osotutako lantaldea

2021. urteko gidea egiteko, ume eta gazte literatureagaz lotutako bederatzi erakundetako 14 lagunek hartu dabe parte, tartean, liburuzainek, eskoletako irakasleek eta Mondragon Unibetsidadeko adituek. Hain zuzen be, oraingo edizinoko irakurle taldea osotu dabe hurrengo lagunek: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Ane Leturia (Aretxabaletako Udal Liburutegia), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Gurutze Urrutia, Edurne Urbiztondo eta Aitziber Arrese (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola) Itziar Murua (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskolako irakasle ohia), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola) eta Nerea Alzola eta Marikarmen Apraiz (Mondragon Unibersidadea).

Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia

Gidearen sarreran, egileek eurek azaltzen dabe lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabilitako erispideak: Taldearen lan-teknikea da gazte literaturaz 2021. urtean euskeraz publikau dana irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzearen erabilerea, kalidade literarioa, gaiari emoten jakon tratamendua eta bestelakoak kontutan izanda baloretan ditugu. Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan jarten doguz: Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horreei erreseina bat gehitzen jako.

Liburu bakotxari jarri deutsen edadeadin orientagarriari buruz, egileek adierazo dabe zenbaki hori orientagarria baino ez dala; euren esanetan, bilakaera-erritmoak, umeen zaletasunak eta bestelakoak sailkaezinak baitira. Gure ustez, umeek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da eta irakurketearen pasinoa sortzeko, oinarrizkoa.

Estimaua da bildumea Haur eta gazte literatura irakur gidea; horren erakusgarri da, urtero, Haur eta gazte irakur gidea dela Mondragon Unibersidadeak argitaratzen dituan argitalpenen artean deskargatuena.

1990. urtean hasi ziran Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Haur Liburu Mintegiko kideak literatura gidea kaleratzen. Proiektua alkarlanean egiten dabe fakultadeko arduradunek, Debagoieneko udal liburutegiko eta haraneko ikastetxeetako irakasleakaz batera. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak, sarean jarrita dagoz.

2021eko gida (PDF): Haur eta gazte literatura irakur gida 2021.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu