'Izurde mutikoa' euskeraz ikusi ahal izango da zinema-aretoetan
2022-09-23 09:33 ZinemeaZinema Euskaraz programearen barruan dator estreinaldia.
Produkzino errusiarra da Izurde mutikoa marrazki bizidunetako filma, baina laster euskerara bikoiztuta ikusi ahal izango dogu, Zineuskadiren Zinema Euskaraz programearen ekimenez. Hurrengo barikuan, irailaren 30ean, izango da estreinaldia. Umeek eta familia osoak gozetako moduko proposamena da, beraz.
Mohammad Kheyrandish zuzendariaren lana da Izurde mutikoa, Yana Kuzminaren gidoian oinarritua eta Behzad Abdiren musikaduna. Ordu eta erdi inguruko animazinozko filmak itsasora eroango gaitu, abenturaz betetako istorioaren bidez. Paycom Cinema enpresea arduratu da banaketaz.
Pelikulearen hasieran, izurde batzuek itsasoan galdutako ume bat salbau dabe, eta familiako besteen pare hezten dabe. Poz-pozik bizi dira olatu azpian, harik eta munstro zital batek urpeko mundua bereganatzen dauen arte. Umetxua lehorrera bialtzen dabe erbesteratuta, eta bertan bihotz oneko Murvarid kapitainak hartzen dau etxean. Kapitainaren eta Elur-bola izurdearen laguntzinoaz, mutilak bere benetako jatorriaren misterioa argitzeko bidaieari ekingo deutso.
Ikusi trailerra hemen.
Zinema Euskaraz programeari esker, ume eta gaztetxuentzako film batzuk (normalean marrazki bizidunetakoak) pantaila handian ikusi leitekez euskerara bikoiztuta. Era horretara, familiei aisialdia euskeraz gozetako beste aukera bat emoten jake, eta hizkuntzearen transmisinoan laguntzen da. Udan geldialdia egin eta gero, irailean bueltan da egitasmoa, eta Izurde mutikoa da lehenengo proposamena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!