Ana Moralesen flamenkoak edegiko dau XXIII. Dantzaldia

Bizkaie! 2022-09-22 13:42   Kulturea

Abenduaren 1era arte, hamar hitzordu dakarz jaialdiak.

'Cuerda floja (Extractos)': Ana Morales Rekalde Aretoan (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

XXIII. Dantzaldia, Bilboko Nazinoarteko Jantza Jaialdiaren 2022ko edizinoak uriko hainbat aretotara eroango ditu jantza garaikidearen ikuskizun ugari, gaur, irailak 22, hasita. Abenduaren 1era arte, hamar hitzordu izango ditue zaleek aukeran.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta jaialdiaren koordinatzaile Laura Etxebarriak aurkeztu dabe XXIII. Dantzaldia, Rekalde Aretoan, hantxe egingo dabelako lehenengo saioa, gaur, 19:00etan. Batetik, mokadua izango dabe bertaratzen diranek eta, bestetik, Ana Moralesek pieza barria aurkeztuko dau. Sartzea libre da.

Sevillako Flamenko Bienaletik heldu barria da Morales, flamenko garaikidearen izen handietako bat. Orain dala urte bi be Dantzaldian izan zan, eta sarrera guztiak agortu ziran Guggenheimen emon eban ikuskizunerako. Cuerda floja (Extractos) lana aurkeztuko dau Moralesek oraingoan, Juan José Amador kantari eta gitarra-jotzaileak lagunduta.

Laura Etxebarria koordinatzaileak adierazo dauenez, bertoko eta kanpoko jantza garaikidearen ikuspegi zabala emoteko moduko artistak aukeratu ditue aurten, jantza garaikidearen orainaren erakusgarri.

Egitarauan ikuskizun barritzaileak dagozan arren, tradizinoaren oinarria ez dabe ahaztu, Etxebarriaren arabera: Begirada barriak eta gaur egungoak eskaintzen dituen arren, zuztarretik, tradizionaletik abiatuta sortuak dira.

Dantzaldia abenduaren 1ean amaituko da, Deustuko La Fundicion aretoan. Aurtengo proposamenik apurtzaileena aurkeztuko dabe egun horretan, XXXplicit Dance izeneko X film laburren emonaldia. 18 urtetik gorakoentzat izango da.

Rekalde Aretoa, La Fundicion, Guggenheim, Azkuna Zentroa, Barakaldo Antzokia eta Arte Eder Museoa dira 2022ko Dantzaldiaren egoitzak. Azken horrek lehenengo aldiz hartuko dau jaialdia.

Programazino osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu