Ondarearen Jardunaldietan 227 ekitaldi egingo ditue Bizkaian

Bizkaie! 2022-09-22 09:29   Kulturea

Bisitak, tailerrak, ibilaldiak, kontzertuak, erakusketak... Gehienak doban.

Bilboko Itsasmuseumen batu dira Bizkaiko kultur eragileak (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ondarea loratuz, gozatu! lemapean egingo dabe urrian Europako Ondarearen Jardunaldien 2022ko edizinoa. Aurreko urteetan lez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta herrialdeko eragile pribadu eta publiko ugarik bat egin dabe ekimenagaz, eta makina bat jarduera antolatu ditue, gehien-gehienak dobakoak.

Bilboko Itsasmuseumen, Jardunaldietan parte hartuko dauen museoetako batean, egin dabe Bizkaiko egitarauaren aurkezpena. Hantxe emon dabe zenbaki zehatza: 227 ekitaldi izango dira, 140 kultur proposamen diferenteri esker. Bisitak, tailerrak, ibilaldiak, kontzertuak, erakusketak, berbaldiak, proiekzinoak, lehiaketak eta zineforumak dagoz, besteak beste.

Gidea atondu dabe ekitaldi guztiak batzeko (ikusi PDFa hemen).

Ondarearen Jardunaldiakaz bat egin daben eragileak be ehunetik gora dira. Tartean dagoz udalak, turismo bulegoak, museoak, interpretazino-zentroak, eskualdeetako garapen agentziak, hezkuntza-erakundeak, norbanakoak eta beste asko.

Iraunkortasuna da aurten programearen ardatz nagusia, eta proposamenak 2030 Agendaren helburuetara egokituz jokatu da, garapenaren hiru dimensinoak jorratzen dituan ekintza-plana: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, azaldu dau Lorea Bilbaok, Bizkaiko Kultura diputaduak. Kanpaineak barriro erakutsiko dau kultureak eta historiaren eta ondarearen ezagutzeak giza garapenean daben garrantzia.

Ondare naturalari eta ingurumenari aurreko urteetan baino pisu handiagoa emon deutse egitarauan. Biodibersidadearen gordeleku diran paraje ugari ezagutzeko bisitak eta ibilaldiak atondu ditue, besteak beste, Gorbeian, Gordexolan, Galdamesen, Urdaibain, Gorlizen, Urduñan edo Elorrion. Ganera, Galdames, Getxo eta Fruizko aberastasun geologikoak ezagutu ahal izango doguz.

Ondare historikoak eta kulturalak be leku zabala izango dabe, dana dala. Eleizetako eta baserrietako arkitekturea jorratuko ditue herri ugaritan, eta eraikin bereziak be erakutsiko ditue, esate baterako, Bilboko Atxuriko ospitale zaharra, Karrantzako Dolomitas fabrikea eta Balmasedako La Encartada fabrika-museoa.

Aitatzeko modukoak dira, ganera, Bilboko San Frantzisko auzoko Diversitours ibilbide gidatuak eta Getxoko toponimia berreskuratzeko ekimenak. Azken udalerri horretako Andres Isasi musika eskoleak instrumentuak material birzikladuz egiteko tailerrak dakarz.

Museoek be eskaintza zabala atondu dabe Ondarearen Jardunaldien kontura. Esate baterako, Durangoko Arte eta Historia Museoan emakumeen garbitegietako memoria berreskuratuko dabe; Bermeoko Arrantzaleen Museoan, arrantza sistema jasangarriak eta arrain konserben mundua ezagutarazoko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu