Musikea eta kirola Sopela Kosta Fest-en, irailaren 23tik 25era
2022-09-21 13:37 MusikeaKartelean dagoz Mafalda, Kerobia, Akatz, Anita Parker, J Martina...
Bederatzigarren edizinoa beteko dau Sopela Kosta Fest jaialdiak irailaren 23tik 25era, betiko oinarriei eutsita: musikea, surfa eta naturea. Gai horreekaz lotutako tailerrak, lehiaketak eta bisitaldiak dakarz egitarauak, baita kontzertu ugari be.
Musikeari jagokonez, egun biko programa bete-betea atondu dabe Sopelan. Hilaren 23an, Mafalda, Kerobia, Akatz, Vulk eta Sua izango dira oholtzan; 24an, ostera, Chica Sobresalto, Nativa, The Lizards, Anita Parker eta J Martina.
Dobako skate surf eta skate klaseak emongo ditu Drop Indoor Sopelak, Jon Ander Etxebarria gidari dala. Olatuak, korronteak, erreskate-teknikak, iragarpenak eta beste alor ugari modu ludikoan eta gozamenezkoan jorratuko ditue parte-hartzaileek. Bestetik, Aloka Surf & Sup, Gorka Yarritu Surf Eskola, Jaiki Surf Eskola, Berasaluce Surf Eskola, Parapente Bizkaia eta Airetik konpainiek deskontuak egingo ditue ikastaroetan Sopela Kosta Fest martxan dagoan bitartean.
Lehiaketek be kresal usaina izango dabe. Irailaren 24 eta 25ean II. Open Waveski SKF-BPT eta V. Kayaksurf SKF-BPT Kopea jokatuko dira eta Euskal Herriko Surf Txapelketea eta beteranoen Surf Txapelketea be asteburu horretarako aurreikusita dagoz.
Hilaren 24an, Burdin Hesiaren hondarrak ikusteko bisitaldia egingo dabe, baita Meteoritoaren aztarna ibilbide geoturistiko gidatua eta Flyscheko itsaslabarretarako bisitea be, azken hau 25ean. Izan be, surfagaitik ez eze, itsaslabarretako ondare geologikoagaitik be erreferentea da Sopela. Bisitetan parte hartzeko aldez aurretik emon behar da izena.
Programazinoaren barruan dagoz, ganera, Sopelako II. Argazki Lehiaketearen erakusketea, Calistenia, Parkour eta slackline tailerrak, hondarrezko eskulturen tailerra, sukalki txapelketea, Scape room-a eta Glubs kaleko antzerki obrea. Gazteentzat Zure smartphone-rako mikroskopio bat eraiki eta daphnia aurkitu jarduerea atondu dabe.
Egitarau osoa eta argibide gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!