Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriaga
2022-09-21 13:13 KultureaEuskerazko kultura garaikidearen proposamenez gozetako astegoien bi.
Gaur goizean aurkeztu dabe Arrigorriagan Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo - Arrigorriaga, Bilboko Loraldiaren esperientzia beste herri batzuetara hurreratzen dauen Loraldiaren kultur proposamena. Zaratamo eta Arrigorriaga izango dira programa barri hau estreinauko daben herriak.
Aurkezpenean izan dira: Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatea; Ostaiska Gabiria, Zaratamoko alkateordea; eta Amaia Ocerin Loraldiko komunikazino arduradunak.
Loraldiak urtero atontzen dau Bilbon eta udaberrian Loraldia Festibala, euskeraz sortutako kultura garaikidearen proposamen barritzaile eta gaurkotuenak erakusten dituana.
Sustatzaileen helburua esperientzia horreek Euskal Herriko beste herri batzuetara hurreratzea da eta, holan, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo - Arrigorriaga errealidade bihurtu da Zaratamoko eta Arrigorriagako udalen ekimenari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeari esker. Astegoien biotan hainbat kultur adierazpen izango da:
Irailaren 30ean, Zaratamon, eta urriaren 6tik 9ra, Arrigorriagan, herritarrek musika, jantza, literatura, bertsolaritza, gastronomia eta zinemeagaz lotutako proposamenez gozau ahal izango dabe. Ekitaldiak herri bietako hainbat gunetan izango dira eta helburua da Loraldia esperientzia herri bi horreeetako eta inguruko herritarrei hurreratzea. Holan, euskeraz sortutako kulturearen erreferenteek eta eszenako figura barriek hartuko dabe parte, besteak beste, Joseba Sarrionandiak, Ines Osinagak, Kukaik, Iñaki Salvadorrek, Ainara Ortegak, Angel Unzuk, Alaine Agirrek eta Olatz Salvadorrek.
Programazino artistikoa: sei ekitaldi bost egunetan eta herri bitan Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo - Arrigorriaga irailaren 30ean hasiko da Zaratamoko Kultur Etxean eta bertan Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak Katuen kontuak ikuskizuna eskainiko dabe. Literaturea eta musikea buztartzen dituan eta bidaia musikal bihurtzen dan proposamena.
Urriaren 6tik 9ra Arrigorriagan, zinemearen txandea izango da: Urriaren 6an, Iratxe Fresnedak, arrigorriagarrak, zemendian Xixoneko Nazinoarteko Zinema Jaialdian estreinauko dan Tetuan bere hirugarren dokumental luzeko irudi batzuk estreinauko ditu esklusiban. Trilogia bat zarratzen dauen ikus-entzunezko tresna hau zelan filmau dan entzuteko aukerea eskainiko deuskue.
Urriaren 7an, barikuan, ekitaldi bi iragarri ditue: Gelajauziak koreografia izango da Abusuko Kultur Etxean, Kukai konpainiaren eskutik. Gelajauziak azken urteetako koreografia handienetako bat da eta Max bi irabazi ditu. Kukaik tradizinoa berrinterpretetan dau eta Cesc Gelabert katalanagaz alkarlanean proposamen artistiko guztiz garaikidea aurkezten dau.
Ondoren, Arrigorriagako Udaleko erakusketa aretoan Gerorik balego izango da, literaturea, musikea eta bertsolaritzea buztartzen dituan proposamena. Martiko estreinaldian herritarren erantzuna bikaina izan zan eta orain arte ez da barriro eskaintzeko aukerarik izan. Loraldiak, orduan, etorkizunean pentsautako testu bat eskatu eutson Alaine Agirreri eta holan etorri zan Gerorik balego. Abiapuntua Olatz Salvadorren soinu-bandea eta Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria bertsolarien erantzuna izango dira.
Urriaren 8an, Lonbo aretoan, Laboa. Txoria nuen maite ikuskizuna biziteko aukerea izango da, Iñaki Salvadorrek sortutako Loraldiaren produkzinoa. Salvadorrez gan, Ainara Ortegak, Angel Unzuk, Maria Berasartek, Javier Mayor de la Iglesiak eta Hasier Oleagak hartuko dabe parte. Taldeak Mikel Laboaren dozena bat abesti mitiko berrinterpretauko ditu.
Eta urriaren 9an, domekan, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo - Arrigorriaga zarratuko dogu proposamen gastronomiko-musikal bategaz, Topa dagigun. Kantak eta bermuta.
Musikeari jagokonez, Pauline & Juliette, bata Kanbokoa (Lapurdi) eta bestea Madagaskarrekoa, nahiz eta txikitatik Itsasun bizi dan, euskal musika herrikoia ardatz dauen kontzertua eskainiko deuskue. Abestien artean topa egingo dabe eta Euskal Herriko vermutik zaharrenetako bat ezagutuko dogu, Bodegas Acha. Imanol Sarasolak, etxeko sommelierrak, Imanol Sarasolak (Acha Upeltegiak) gidatutako probetako saioan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!