'Liburuaren arbola' erakusketa ibiltaria martxan
2022-09-21 09:11 KultureaPortugaleten egongo da eakusketea irailaren 20tik urriaren 11ra.
Euskararen Etxeak Liburuaren arbola erakusketa ibiltaria atondu dau, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailagaz lankidetzan, ondoko bost herri honeetan ikusiko dana: Portugaleten, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon eta Gernikan, 2022ko irailean hasi eta 2023ko zezeilean amaitu.
Gorka Arrese editoreak preparau dau erakusketea eta berbaldi bana egingo dau aitatu udalerrietako bakotxean.
Euskerearen Etxeak, Bilboko San Ignazio auzunean, gure hizkuntzearen inguruan topalekua, lan kooperatiborako zentroa eta laborategia izatea ditu helburu.
Erakusketea:
Gizakiak sortu dauen gauza unibersaletako bat da liburua, historiako lehen hedabide masiboa da liburua: lehenengo objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zan XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak alkarregaz trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziran denpora laburrean.
Liburuaren arbola erakusketeak liburuaren izakerea azalduko dau: letrea, idazketea, diseinua, inprimaketea. Bisitariak ezagutuko dau letrek zelako anatomia daben, testuek zelako formak hartzen dituen, liburuak zein parte dituan eta zelan izentetan ditugun euskeraz. Arbola baten modukoa da liburua. Arnasa emoten dau: babesa eta gerizpea, edertasunaren plazerra eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakingurea, pentsamenduak eta hizkuntzea oxigenetan ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: Zure irudimena eta inteligentzia kinatzen ditu. Abentura bat da irakurtea, desirearen eta askatasunaren lurralde
hunkigarrietan barrena.
Alfabetoa da gizakiaren asmakizun handiena / Galileo Galilei
Orriak eta hostoak ditu liburuak, arbolak bezela. Eta enborra, eta adarrak.
Urtero 2.500 liburu inguru argitaratzen dira euskeraz.
Gorka Arrese (1965, Zarautz)
Kazetaria eta argitaratzailea da. Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin eban. Hogeita hamar urte emon ditu Susa literatura argitaletxean eta editore izan da 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenengo liburuak argitaratu ditu, besteak beste, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea eta Beñat Sarasola. Literaturearen historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu deutso Armiarma.eus ataria osotzen jarduteak.
Erakusketearen helburuak:
• Liburua berez zer dan ezagutzea, ulertzea eta bere garrantzia azpimarratzea.
• Liburuaren zati nagusiak identifiketea: Letrearen anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia.
• Liburuan parte hartzen daben eragileak aztertzea: idazlea, editorea, irakurlea, inprimategia.
• Euskal literaturara eta liburugintzara gerturatzea, batez be Bizkaikoari erreparauta.
Udalerriak:
• Portugalete, Gazte Gela, irailaren 20tik urriaren 11ra.
• Ondarroa, Kofradia Zaharra, urriaren 20tik zemendiaren 10era.
• Getxo, Punta Begoñako Areto Nagusia, zemendiaren 17tik abenduaren 9ra.
• Amorebieta-Etxano, Zelaieta Zentroa, abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra.
• Gernika, Euskal Herria Museoa, zezeilaren 7tik martiaren 5era.
Bisita gidatuen erreserbak egiteko, deitu telefonoz, 94 402 80 81 (astelehenetik barikura, 8:00-20:00) edo bialdu mezua mezua (info@euskararenetxea.eus)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!