VIII. Seriesland-en nazinoarteko 80 lan baino gehiago
2022-09-21 08:09 KultureaUrriaren 17tik 22ra egingo dabe websailen jaialdia, Bilbon.
Interneteko telesail edo websailen nazinoarteko jaialdia da Bilboko Seriesland, eta urriaren 17tik 22ra egingo dabe zortzigarren edizinoa. Mundu osoko proposamenez gozau ahal izango dau publikoak eta kategoria askotan sariak emongo ditu epaimahaiak. Non aukeratu egongo da, 80 lan baino gehiago dakarzalako 2022ko edizino honek.
Mundu guztiko 26 herrialdetatik etorritako websailak lehiatuko dira. Aurten, ordezkaritzarik zabalena Kanadakoa izango da, 15 lan hangoak dira eta. Estadu Batuak (zortzi), Frantzia (sei) eta Alemania (sei) be zerrendearen goialdean dagoz. Emakumeek eginak dira lanen erdiak inguru.
Seriesland-eko arduradunek azaldu dabenez, nabarmen sumatu dabe pandemiaren eraginez bajatu egin dala websailen kopurua, baina horrek ez deutso kalidadeari eragin. Kontrara, jaialdian parte hartzeko hautagaien artean kalidade handiagoa egon da oraingoan.
Generoari jagokonez, aurreko edizinoetan lez, fikzinozko komediak eta dramak dira nagusi, baina dokumentalei leku zabalagoa egiten ahalegindu dira aurten. Era horretako hogei lan inguru ikusi ahal izango dira Bilbon.
Bilborock aretoa izango da jaialdiaren erdigunea, han egingo ditue proiekzino ugari eta ekitaldi nagusiak. Doban sartu ahal izango da proiekzinoetara. Era berean, jarduera osogarriak atonduko ditue festibalaren kontura.
VIII. Seriesland iragarriko dauen kartela Hego Koreako Squid Game edo Txipiroiaren jokoa telesailaren estetikan oinarrituta dago. Ikus-entzuleen artean, batez be gazteen artean, egundoko jarraipena izan eban eta mundu osoko fenomeno bihurtu zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!