Martxan da KSIGUNE-ko 'Konexino Proiektuak' programearen bigarren edizinoa

Bizkaie! 2022-09-19 07:55   Kulturea

Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 30era arte.

KSIgune klusterrak martxan jarri dau Konexio Proiektuak ekimenaren bigarren edizinoa, Kultura eta Sormen Industriei (KSI) eta goi-mailako euskal hezkuntzeari zuzendua. Programea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatzen dabe eta goi-mailako hezkuntzearen eta kultura eta sormen-sektoreen arteko lankidetzeari bidea emon nahi deutso bere eragileen bitartez. Horretarako, honako helburu honeek ditu: kulturearen eta sormenaren euskal ekosistemaren nodoek daben aberastasuna nabarmentzea; euren arteko lankidetzea laguntzea (nazinoartean eta beste sektore batzuekaz), eta gizartean daben eragina indartzea.

120.000 euro

Ekimenak laguntza ekonomikoa emoten deutse puntuazinorik altuena jasoten daben ikerketa-proiektuei eta lanei. Proiektu horreek ekarpen positiboa egin behar deutse erronka sektorialei (Kultura eta Sormen Industrietako sektore bati edo gehiagori eragiten deutsen erronkei), edota EAEko hiru transizinoak(teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta demografiko-soziala) barrrubatzen dituen erronka globalei.

Programak 120.000 euroko diru-kopurua dau, 60.000 euro ha osotzen daben tipologia bietako bakotxerako:

1. Gradu Amaierako Lanak (GRAL), Master Amaierako Lanak (MAL) eta Irakasgaiko lan kolektiboak. Era horretako proiektuek bertan parte hartzen daben irakasleen inplikazino-maila handia izan beharko dabe eta hareen ikastegiak ezinbestean autortu beharko dau ezagutzearen transferentzia: 5.000 euroko laguntzea emongo jako puntuazinorik onena lortzen daben 12 proiektuetako bakotxari.

2. Ikertaldeen lanak. 15.000 euro puntuazinorik onena lortzen daben lau proiektuetako bakotxari.

Programan lanak aurkezteko, ezinbestekoa da gitxienez erakunde laguntzaile bi izatea: horreetako bat, nahitaez, KSIgunera batutako goi-mailako hezkuntzako ikastegi bat izango da eta, bestea, EAEko Kultura eta Sormen Industrietara batutako enpresa edo erakunde bat.

Diru-kopurua enpreseak jasoko dau eta bera arduratuko da adostutako aurrekontu-banaketea betearazoteaz. Enpreseak diru-kopuruaren % 20 jaso leike gehienez proiektua koordineteagaitik. Zenbatekoaren gainerakoa ikasleen eta ikastegiaren artean banatuko da, aurkeztutako ikerlanak edo ikerketa-proiektuak eragin dituan gastuak pagetako (irakasleen orduak, materialak, proiektuari lotutako biltzar edo jardueretara egindako urteerak...).

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.

Proiektuak Gune+ plataformearen bidez aurkeztu beharko dira (https://gunedigital.eus/), hau da, KSIgune klusterraren Kultura eta Sormen Industrientzako konexio-espazioaren bitartez. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean amaitzen da eta, proposamena amaitzeko epea, barriz, urriaren 15ean.

Idea bat izan baina bazkide laguntzailerik (goi-mailako hezkuntzako ikastegia edo enpresa) ez daben erakundeek be Gune+ plataforman argitaratu leikie euren ekimena, KSIgunek bazkide laguntzaile bategaz hartu-emonetan jarri daizan. Horrezaz gan, hirugarren bazkide lez bat egin ahal izango dabe EAEko beste eragile akademiko edo sektorial batzuek, baita Akitania Barrikoek edo Nafarroakoek be, lurralde horreek lankidetza-ibilbide luzea baitabe Euroeskualdearen testuinguruan. Edozelan be, erakunde eskatzailea eta bazkide akademiko nagusia EAEkoak izango dira beti.

Proiektuetan parte hartzen dabenek Euskampus Fundazinoaren laguntza estrategikoa eta teknikoa izango dabe. Saio birtualak edo presentzialak egingo dira eta sarbidea izango dabe Gune+ plataforma birtualera.

Era positiboan balorauko diran irizpideen artean dagoz, besteak beste, proiektuaren barrikuntza-mailea, haren izakera estrategikoa, erakundearen I+G+B estrategia bati lotua eta zenbait sektoreren artean sustatutako hibridazinoa eta lankidetzea.

Zer da KSIgune?

KSIgune EAEko Kultura eta Sormen Industrien klusterra da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskampus Fundazinoaren bitartez bultzatzen dabena. KSIgune kultura eta sormen-sektoreen preminakaz konektautako goi mailako prestakuntzearen, ikerketearen, barrikuntzearen eta transferentziaren esparruko jarduerak jorratzeko tresna estrategikoa da.

KSIgune 2021eko garagarrilean sortu eben, unibersidadearen eta KSIen sektoreko enpresen arteko topagune barri bat sortzeko helburuari eusteko. Honako honeek osotzen dabe klusterra: Kultura eta Sormen Industrietan eskaintzea daben goi-mailako hezkuntzako euskal ikastegiek, BDCC-ra (Basque District of Culture and Creativity) batutako sektoreak, Tecnalia, Innobasque eta Gaia. Euskampus Fundazinoa arduratzen da klusterra eta haren jarduerak kudeatzeaz eta dinamizeteaz.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu