Mobikortasun Astea Bilbon, irailaren 16tik 22ra, 'Konexino hobeak' lemapean

Bizkaie! 2022-09-16 10:08   Pil-pilean

Kale Nagusian jai handia egingo dabe domekan.

Erriberako merkaduan aurkeztu ditue jarduerak (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urietako mobikortasun jasangarriaren eta garraiobide publikoen erabilerearen onurak gizarteratu eta herritarren artean ingurumenaren aldeko sensibilizazinoa zabaltzeko, Mobikortasunaren Aste Europarra egiten da urtero. Bilboko Udalak 2000. urtetik hartzen dau parte ekimenean eta aurten be jarduera ugari atonduko ditu, irailaren 16tik 22ra. Konexino hobeak da leloa.

Mobikortasunaren Asteko ekintzen aurkezpenean, Nora Abete zinegotziak azpimarratu dau Bilbon urteak daroezela garraio publikoaren aldeko neurriak hartzen eta mobikortasun jasangarria sustatzen. Uria inklusiboagoa izan daiten pausuak be egin ditue. Abiadurea orduko 30 km-ra mugatu, bidegorrien sarea zabaldu eta oinezkoentzako eremu zabalagoak atondu izana nabarmendu ditu Abetek.

Bost zutabetan oinarrituko dabe 2022ko Mobikortasun Astea: personak, lekuak, garraio publikoa, plangintzea eta politikak. Personak alkarregana hurreratzea da asmoa, garraio publikoaren bidez, eta hortik dator Konexino hobeak leloa.

Kontuak kontu, agenda bete-betea egongo da egunotan, hilaren 22ra arte. Egunik garrantzitsuenetako bat domekea izango da, 18a, egun horretan jaigune handi bihurtuko dalako Kale Nagusia. Eremua trafikoari zarratu eta jarduera ugari izango ditue herritarrek aukeran: giza futbolina, olgetak bizikletakaz, erabilitako bizikleten salerosketea, skate-pistea, bide hezkuntzako zirkuitua eta autobus elektrikoak ezagutzeko bisitak, besteak beste.

Astelehena, martitzena eta eguaztena etorkizuneko egitasmo barriak aurkezteko erabiliko ditu Udalak. Udaletxe ingurutik Etxebarria parkera igoteko bidegorri barria eregitearen eta Artxandako funikularra barritzearen inguruko datuak emongo ditue.

Azkenik, hilaren 22an, Bilbao nire kotxe barik! ekimena egingo dabe. Egun horretan bertan, 2022ko Ibiltari Saria emongo deutse Udalak Telebilbaoko kaleko barriemoleei.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu