Irailetik abendura, bete-betean ospatuko dau Guggenheimek 25. urteurrena
2022-09-15 13:29 KultureaFrancisco Escuderoren Sinfonia mitikoa entzun ahal izango dogu irailaren 25ean.
1997ko urriaren 18an inaugurau eben Bilboko Guggenheim Museoa eta aurtengo urte osoan dabiz ospakizunak eta jarduera bereziak egiten, 25. urteurrenaren kontura. Urteko azken txanpan, irailetik abendura, indartu egingo dabe mende laurena gogoratzeko egitaraua, era guztietako proposamen kulturalen bidez.
Jarduerak askotarikoak diran arren, museoaren urteurrenaren kontura zabaldu nahi diran balioek lotzen ditue danak: ospakizuna, museoaren bildumeari balioa emotea, esker ona, inklusibidadea, harrotasuna, etorkizuna eraldatzea eta proiekzinoa. Artea etorkizunerako inspirazino da urteurrenaren leloa.
Kontuak kontu, irailaren 25ean etorriko da programazino indartuko lehenengo ekitaldia. Egun horretan, Guggenheim Museoan batuko dira Bilboko Koral Alkarteko umeak, Ensemble Kuraia eta Andoni Aleman, Francisco Escuderoren 3. sinfonia (Sinfonia mitikoa) piezearen interpretazino ikusgarria eskaintzeko. Euskal mitologia da obrearen oinarria, eta euskera hutsean da.
Urriaren 6an, Uraren ekologiak izeneko nazinoarteko topaketea hartuko dau museoak. Hil horren 14, 15, 16 eta 17an, ostera, The Missing Element jantza saioak egongo dira Guggenheimen zein Bilboko beste leku batzuetan. 17an bertan izango dira Museoaren Patronatuaren batzarra eta 25. urteurreneko afaria. Aitatzekoa da, ganera, Joaquin Achucarro pianista ospetsuak zemendiaren 3an emongo dauen errezitaldia. 1997ko inaugurazinoan be Achucarroren kontzertua egon zan.
Museoaren Lagun diranentzako ekitaldiak be badakarz egitarauak. Urriaren 25ean, Cecilia Bengolea argentinarrak Guggenheimen egingo dauen ekintza artistikoan parte hartuko dabe 450 Lagunek, bideoa eta performancea buztartuta.
Urteurreneko azken jarduera handia Immersions izango da, abenduaren 3tik 11ra. Eskala handiko mapping erako proiekzinoa da, publikoari museoaren barru-barruan sartzen lagunduko deutsana. Doban ikusi ahal izango da, zemendian banatuko diran gonbidapenen bidez.
Motion. Autos, Art, Architecture ikusteko azken egunak
Automobilaren alderdi artistikoa aztertzen dauen erakusketea irailaren 18an zarratuko dabe.
Udako bisitarien erantzun bikainagaitik, ordutegi berezian ikusi ahal izango da amaitu arte. Oraindino gozau ezin izan dabenek edo esperientzia errepetidu gura dabenek 09:00etatik 20:00etara bitartean egin leikie, astelehenetan, martitzenetan, eguaztenetan, eguenetan eta domeketan; eta 9:00etatik 21:00etara bariku eta zapatuetan.
Sarrerak hemen.
Automobilaren erakusketea amaitu ostean, artelanak kendu eta hurrengo erakustaldirako muntaketa-lanak hasiko dira: Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte.
Motion. Autos, Art, Architecture Guggenheim Bilbao Museoak eta Norman Foster Foundationek atondutako erakusketea da.
Babesleak: Iberdrola eta Volkswagen Group.
Laguntzaileak: AIC-Automotive Intelligence Center Future aretoan, Cadillac Clay Modelling Studio-n eta Sennheiser soinu-esperientzia murgiltzailean.
Ongilea: Gestamp.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!