Ministro ohi bat konbidadu dala, Gaurkotasunagaz Topaketak bueltan
2022-09-15 10:00 Pil-pileanBilboko Bidebarrieta Liburutegian egiten ditue saioak.
Gaur-gaurko nazinoarteko gaiak publikoari hurreratu eta adituen laguntzinoagaz jorratzeko asmoz antolatzen dau Gaurkotasunagaz Topaketak zikloa Bilboko Bidebarrieta Liburutegiak. Udako etenaren ostean, astelehenean, irailak 19, berrekingo deutse (19:00), Arancha González Laya donostiarra konbidadu dala.
Aurreko ikasturteetan lez, aurtengoan be kazetari ezagun bi izango dira barriketaldietako aurkezle eta moderatzaileak, Mikel Reparaz eta Dani Álvarez. Asteleheneko saioaren izenburua Europa ante su invierno político da. Gaztelaniaz egingo dabe.
Gerrearen, energia krisiaren eta prezioen igoerearen kontura, Europan negu gogorra datorrela aurreikusten dabe adituek. Ekonomian egon leitekezan arazoek gizartean eragin negatiboa izango dabe, eta politikan zein Europako herrien arteko hartu-emonetan lurrikarea etorri leiteke. Ikuspegi zorrotz, kritiko eta jantzia emongo dabe Bidebarrietan, baina hitzorduaren izakera dibulgatiboa ahaztu barik.
Arancha González Laya konbidadua persona aproposa da Europak hurrengo hileotan izango dituen erronkez berba egiteko. Izan be, Nafarroako Unibersidadean Zuzenbidean lizentziaduna da eta, gaur egun, Parisko Nazinoarteko Gaietarako Eskolako dekanoa. Espainiako Kanpo Arazoetako, Europako Gaietako eta Nazinoarteko Lankidetzako ministro izan zan 2020tik 2021era.
Gaurkotasunagaz Topaketak zikloa nazinoarteko gaietan interesa daben persona guztientzat da aproposa. Saioetara doban sartu leiteke. Joan ezin dauenak streaming bidez ikusi ahal izango dau, Bidebarrietako Kulturgunearen kanalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!