'Allande Socarros (1957-2021) Euskal idazlan eta lekukotasun' liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-09-15 08:10   Kulturea

Sü Azia alkartearen eta Euskaltzaindiaren ekimenez etorri da.

Allande omendu nahi izan dogu liburu honegaz, bide batez, Xiberuaz eta euskeraz jakintsu baten lanaren aztarnea itxi ondoko belaunaldientzat.

Liburu honen bidez, Euskaltzaindiak eta Sü Azia alkarteak igazko abenduaren 9an hildako Allande Socarros xiberotar euskaltzain urgazle jakintsua nahi izan dabe ohoratu. Liburua zati nagusi bitan atondu da: alde batetik, Allandek berrogei bat urtez idatzi zituan artikulu eta liburuetako idatz-zati hautatu batzuk batzen ditu eta, bestetik, Allande ondo ezagutu eben hamabi personaren lekukotasunak eskaintzen ditu. Hamabi lagunek argibide ugari emon ditue Allanderen lanez, kolaborazinoez eta egitateez. Horrezaz gan, Allanderen nortasuna eta ikusmoldeak deskubriduko ditugu, hau da, gizon libre bat agiri jaku, euskereari, euskal kultureari eta Euskal Herriari bizitza osoa emon deutsena.

Battitu Coyosek ondokoa azpimarratu dau: Behin alkarrizketa batean esan eban honek Allande ondo laburbatzen dau: Militantziak bizitza hartu deust. Bestetik, Jean Michel Bedaxagarrek hauxe adierazo dau: Lagun mina galdu dogu eta langile handia; Allande omendu nahi izan dogu liburu honegaz, bide batez Xiberuaz eta euskeraz jakintsu baten lanaren aztarnea itxi ondoko belaunaldientzat. Euskerearen Erakunde Publikoaren laguntzaz atondu dabe liburua.

Allande Socarros Etxebarren (Zuberoa) sortu zan 1957ko garagarrilaren 12an, eta Maulen (Zuberoa) hil, 2021eko abenduaren 9an

Euskaltzain urgazle izentau eben 2018ko garagarrilaren 20an. Euskaltzaindiaren lau batzordetan lan egin eban: Euskalkien lantaldean (2013-2021), Euskera Batuaren Eskuliburua batzordean (2017-2021), Euskerea Eskuz Esku egitasmoan (2018-2020) eta Onomastika batzordean (2019-2021). Ofizioz argazkilaria zan eta laster kazetaritzara joan zan. Aldizkari askotan idatzi eban, nahiz euskera batuaz, nahiz zubereraz: Zeruko Argian, Egian, Abilen, Ekaitzan, Argian, Jakinen, Herrian... Baina gehienbat lanbidez Euskaldunon Egunkarian eta Berrian (1990-2008). Laurogeiko hamarkadatik militante abertzalea izan zan eta bizi osoan militetan egon.

Kazetaritzaz gan, lan ugari eroan zituan sare sozialetan, itzulpengintzan, alkarteetan.

Liburuak be argitaratu zituan eta zuberera zorrotz landu eban, euskera batuagazko zubia eginez. Oro har, esan daiteke Allande Socarros Zuberoako eta zubererearen eredu izan zala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu