Hilaren 21ean Zinemaldian izango da 'Kepa Junkera berpiztu'
2022-09-14 12:33 ZinemeaIrizar Sarirako hautagaia da Fermin Aioren dokumentala.
Kepa Junkera musikari bizkaitarraren inguruan Fermin Aiok egindako dokumentala, Kepa Junkera berpiztu, 70. Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izango da. Irailaren 20an adituentzako eta prentsarako egingo dan pasearen ostean, 21ean izango da publikoarentzako emonaldia, eguaztenean.
Hain zuzen be, EITB Galan izango da pelikulearen proiekzinoa, Kursaalean. Areto horretan bertan, txarteldegian, eskuratu leitekez galara joateko gonbidapenak.
Irizar Saria irabazteko hamar hautagaien artean be badago Kepa Junkera berpiztu. Donostian estreinautako euskal produkzinoek dabe saria irabazteko aukerea eta irabazleari 20.000 euro jagokoz. Fermin Aioren dokumentalaz gan, hautagaiak dira Jabi Elortegiren El vasco; Izaskun Arandiaren My Way Out; Xuban Intxaustiren Gesto; Ander Iriarteren Karpeta Urdinak; Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto; Alberto Gastesiren Gelditasuna ekaitzean; Mikel Gurrearen Suro, Fernando Francoren La consagración de la primavera eta Fermin Muguruzaren Black Is Beltza II.
2018ko abendutik oholtzatik kanpo dabil Kepa Junkera musikari bilbotarra, iktus batek bere ibilbidea eten ebalako. Horrek ez dau esan nahi, baina, Junkerak musikea alboratu dauenik, ikertzen eta sortzen segitzen dau, urte biko errehabilitazino gogorraren ostean barriro bere talentua erabilteko modua dauen ezkero. Fermin Aio zuzendariak beragana jo dau, eta holan jaio da Kepa Junkera Berpiztu dokumental luzea (Barton Films).
Kepa Junkeraren ondarea berreskuratzeko ahalegin honetan, musikariaren eta haren familiaren laguntzinoa izan dau Aiok. Oliene baserrira joan zan dokumentalaren gidoilari eta zuzendaria, eta hango armairu batean topau eben artxibo dotorea erabili dau, besteak beste.
Bestetik, Kepa Junkeragaz lan egin daben artista ugariren lekukotzak be batu ditu Aiok. Mundu osoan ibili da zuzendaria, Junkerak be kontinente guztietan topau zitualako bidelagunak. Esate baterako, Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak entzungo doguz dokumentalean berbetan.
Junkeraren ibilbide oparoa berrikusteaz gan, musikaria orain zertan dabilen be kontetan dau filmak. Aioren esanetan, beti ezaugarri izan dauen erupzinoan sartzear dagoan sumendiaren indar horri eusten deutso oraindino. Errehabilitazinoaren momenturik txarrenak pasauta, proiektu barriak sortzen hasi da barriro. Birgaitze prozesuan, bere ondarea ordenatzeko ahaleginean eta barriro presente izateko saiakeran transmitiduten dauen emozinoa atzemotea izan da zuzendariaren helburuetako bat.
Donostian datorren astean aurkeztuko dan filmagaz batera, liburu bat be argitaratuko dabe, hori be Berpiztu izenburuduna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!