'Lantegietako Emakumeak. Cadagua Haraneko 11 fabrika' erakusketea ikusteko bisitak martxan

Bizkaie! 2022-09-14 08:05   Kulturea

Irailaren 25ean eta urriaren 1ean izango dira.



Aurretik museoaren webgunean (www.enkarterri.eus) izena emon dabenek, emakumeak Bizkaiko industrializazinoan bete eban leku garrantzitsu eta ahaztuan sakontzeko aukerea izango dabe .

Enkarterri Museoak azken urtean egin dauen Lantegietako Emakumeak ikerketa-lanaren parte da. Proiektu horrek argazkiak, produktuak, jantziak, industriako makinak eta Cadagua errekearen ibilgua bustiten eben lantegi hareen inguruko zuzeneko lekukotzak erreskatetan ditu.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Enkarterri Museoak hainbat bisita gidau atondu ditu garagarrilean, urtea amaitu arte Enkarterriko zentroan dagoan Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika erakusketan sakontzeko. Bisitak irailaren 25arako eta urriaren 1erako atondu ditue txanda bitan: 10:30ean euskeraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Jarduerea doban da eta beharrezkoa izango da aurretik izena emotea museoaren webgunean edo 94 650 44 88 telefonoan.

Erakusketea Enkarterri Museoaren Emakume Langileak proiektuaren bigarren fasearen barruan dago eta Bizkaiko industriari eusteko prozesuan emakumeek bete eben leku garrantzitsua nabarmenduko dau. Enkarterri Museoak erakusketearen izenburu beragaz argitaratutako liburuak be ezereztu egiten dau industria-munduaren protagonista bakarrak gizonezkoak izan zirala dinoan aurreretxia.

Erakusketeak eta liburuak gizaldi eta erdi baino gehiagoz (XIX. gizaldiaren erdialdetik XX. gizaldiaren amaierara arte) herrialdeko industrializazinoan leku garrantzitsua bete eben Bizkaiko emakume guztiak aintzatesten ditue. Erakusketako materiala, gaur egun desagertuta dagozan Enkarterriko 11 lantegitako argazkiz, ilustrazinoz, produktuz eta makinaz osotuta dago. Euskadiko eskualde industrializatuenetakoa zan eta lantegi horreetan emakumezkoek protagonismo handia eeben. Ehundaka lantegi, tailer eta industria-gune edegi ziran urteetan Cadagua haraneko udalerrietan. Erakusketan agertzen dira: La Papelera, Lacabex Hermanos, Plaza Hermanos, Antonio Serrano y Plomos (lauak Zallan), La Encartada, Manufacturas Rodet eta Altzari Fabrikak (Balmaseda), Garsa (Gordexola), La Conchita (Sodupe) eta Rica Hermanos (Alonsotegi). Horreetan milaka emakume langile ibili ziran. Lantegi batzuetan, emakumeak izan ziran beharginen gehiengoa.

Erakusketeak, alde batetik, garai haretako egoera ekonomiko gogorra erakusten dau eta, bestetik, eskualdeko industria-egiturea. Egitura hori ez zan siderurgian bakarrik zentrau, papela, kajak, jute edo espartzu-zakuak, erreteko papela, altzariak, txapelak eta hestebeteak be baegozan Enkarterriko produkzinon-egituran. XIX. gizaldiaren amaieratik XX. gizaldiko 70-80ko hamarkadara bitarteko epealdia hartzen daben ehun argazki zahar baino gehiago horreek erakusketearen arimearen parte dira, gehienak eskualdeko bizilagunek eta hainbat kultur erakundek lagatakoak, azken horreen artean La Encartada Museoak. Argazkien bidez bisitaria industria-giro horretara eroateko espazioa, Aline Soberonen hamaika ilustrazino be tartean dagoz.

Erakusketan interes handiko industriako hainbat pieza be badagoz, horreen artean altzari tailer baten parte izan ziran XX. gizaldi hasierako hiru makina handi. Makina horreek (La Universal, Tupí eta Desgrosadora) Alberto Mardonesek laga ditu eta Balmasedako tailerretan hainbat gizalditan erabili zan makina-moetaren adibide bikaina dira. Horreekaz batera, pieza xumeak eta konserbau diran dokumentu apurrak dagoz: Antonio Serranoren Fábrica de Papel de Fumar lantegiko XIX. eta XX. gizaldiko beharginen zerrendak edo Papelera Españolako ikasketa-liburuak.

Cadagua errekearen ertzean instalau ziran enpresek merkaduan erantzun bikaina izan eben objektu eta produktu ugari produzidu zituen. Erakusketan 1950eko hamarkadan Plaza Hermanosek erropea lisatzeko egindako plantxak, Zallako tailer handi bateko zenbait etxetresna elektriko eta beste elementu sinpleagoak, baina oso ezagunak, erakutsiko dira, horreen artean El Elefante komuneko papela. Bitxia bada be, oraindino hainbat lekutan konserbau egin da papel hori. Laneko fitxak, laneko jantziak eta Rica eta La Conchita harigintzako elementuak be jasoten dira.

Lantegietako emakumeek, ikerketa-prozesuko lekukotasunak batzen dituan proiektua ikus-entzunezko bigaz osotzen da. Danetara, hogeita hamar personak, gehienak emakumezkoak, lantegi horreen funtzionamentuan, bizimoduan eta lan-baldintzetan sakontzeko aukerea emon deutsie Enkarterri Museoari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu