Euskadiko sei artista gaztek lau asteko egonaldia egingo dabe New Yorken
2022-09-14 09:05 KultureaGuggenheim Museoaren Basque Artist Program-aren edizino hirukoitxean.
Alejandra Bueno, Mikel Escobales, Claudia Lorenzo, Amaia Molinet, Beñat Romera eta Fabro Tranchida (Los Picoletos bikote artistikoko kide) hautatu ditue behetik gora datozen artistentzat Solomon R. Guggenheim Museumen egiten dan Basque Artist Program izeneko egonaldi-programearen hurrengo edizinorako. Datorren zemendian, aitatu sei artistek, 2020, 2021 eta 2022ko edizinokoek, aukerea izango dabe euren ibilbide profesionalean aurrera egin, New Yorkeko eszena artistikoa hurretikk bizi eta hainbat komisario, artista eta arteari lotutako erakunde ezagutzeko, New Yorkeko Guggenheim Museoko profesionalen eskutik.
Ekimen hau, lehenengo bost edizinoetan -2015 eta 2019 bitartean- erantzun handiz gauzatua eta pandemiagaitik geroratua, Guggenheim Bilbao Museoak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundationegaz sinatutako Kudeaketa Akordioa barritzean eroaten da aurrera. Akordioak erakunde bien arteko lankidetzan sakontzen dau proiektu barrien bitartez eta horreen artean nabarmentzekoak dira bai artista emergenteei zuzendutako programa hau, bai Euskadiko graduatuentzako New Yorkeko beken programea, Museoak urtero deitua.
Programa honetan parte hartzeak emoten dauen aukera parebakoaren erakusgarri dogu 2022ko garagarrilaren 8tik irailaren 6ra Guggenheim Bilbao Museoan izan dan erakusketa kolektiboa, museoaren 15. urteurrenaren barruan. Bertan, Basque Artist Program-en aurreko edizinoetako onuradun guztiek parte hartu dabe.
Artistak
Alejandra Bueno de Santiago (Vitoria-Gasteiz, 1987)
Diziplina anitzeko artista honen praktikea gizartean aurretik ziurtzat joten dan guztia jarrera feministetatik dudan jartean oinarritzen da, aktibismoaren, irakaskuntzearen, komisario-lanaren, performancearen edo bideo-artearen bitartez. Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn eta Artean doktorea Valentziako Unibersidade Politeknikoan.
Mikel Escobales Castro (Arrasate, 1991)
Eskulturearen arloan egiten dauen lana materialakaz, beren ezaugarriek sorrarazotako prozesuakaz eta alkarren artean eta hartzen daben espazioagaz izaten dituen alkarguneakaz esperimentetako prozesu horretatik abiatzen da. Arte Ederretan graduatua da Madrilgo Complutense Unibersidadean eta MA Arte Garaikidearen Historian eta Kultura Bisualean Unibersidade Autonomoan, Complutense Unibersidadean eta Reina Sofía Museoan, Madrilen.
Claudia Lorenzo Sainz (Logroño, 1988)
Sainzen jardun artistikoa haikuetan eta komunidade jakin batera mugatutako jargoi edo lexikoen eraketa aztertuz eregiteko paisaian oinarritzen da eta objektu eskultorikora, pinturara edo marrazkira eroaten ditu jagokezan egiturak. Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn eta MA azterlan independenteen programan (PEI) MACBAn eta artearen arloko ikerketan eta sorkuntzan UPV/EHUn.
Amaia Molinet Dondra (Lodosa, 1988)
Lurraldearen eta identidadearen arteko loturea aztertuz lantzen dau bere jardun artistikoa. Paisajearen ezaugarri sinbolikoak nabarmentzen ditu, eraikuntza kultural, politiko eta baita sozial lez be hartuta eta ekintza performatiboaz eta argazki eta bideoetan jasotako dokumentazinoa erabilten ditu hareek euskarri fisiko batera eroateko. Arte Ederretan lizentziatua da eta MA arte garaikide, teknologiko eta performatiboan, UPV/EHUn.
Beñat Romera del Cerro (Bilbo, 1990)
Performancea esperimentazino-prozesu lez hartuta, inprobisazinoan oinarritzen da, bai artean, bai ahozkotasunean, baita jagokon teknikan be eta espazio performatibo eregiaren inpaktua eta artista, performer eta publikoarekiko erlazioan izaten duen metamorfosia nabarmentzen ditu, sorkuntza-prozesuaren aldaketen eragile gisa hartuta. Arte Ederretan lizentziatua eta aparteko saria jasoa, MA pinturan eta doktoregaia arte garaikidean, UPV/EHUn.
Fabricio Tranchida (Los Picoletos) (Buenos Aires, 1987)
Los Picoletos bikote artistikoko kide, jardun artistikoan oraingo eta joaneko underground gazte disidenteen mobimentuk ikertzen ditu, argazkilaritzearen, ilustrazinoaren, performancearen eta instalazinoaren bitartez eta mobimentu horreen eboluzinoa eta kontraesanak aztertuta. Artearen eta kulturearen kudeaketan lizentziatua da Tres de Febrero Unibersidadean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!