Ur Partzuergoaren azpiegiturak ezagutzeko bisitak hasi dira

Bizkaie! 2022-09-13 08:02   Pil-pilean

Bizkaiko herri ugaritan dagoz araztegi, urtegi eta sifoiak.

Bisitariak Ur Partzuergoaren azpiegitura batean (argazkia: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren sarean hornidura eta saneamendu egokiak emotearen ardurea daben instalazinoak ezagutzeko bisitaldi gidatuen programea barriro ipini dabe martxan, pandemiagaitik egindako geldialdiaren ostean. Herritar guztientzat aproposa dan jarduerea da, bardin gozauko dabe ikastetxeetako kideek, familiek, profesionalek zein publiko orokorrak. Ganera, doban parte hartu leiteke.

Programa honen helburua da herritarrek uraren uri-zikloko prozesuak ezagutzea, baita fase guztien garrantziaz konturatzea be: ur-bilketea, hornidurea eta arazketea. Aldi berean, sensibilizazinorako aproposak dira bisitaldiok, ura jagoteko eta zentzunez erabilteko beharra gizarteratuko dauelako Ur Partzuergoak.

Ikastetxe, kolektibo eta alkarteentzako bisitak astelehenetik barikura egin ahal izango dira. Zapatuetan, ostera, Ezagutu Ur Partzuergoa lemapean egingo dira publiko guztiarentzakoak, eta autobusa ipiniko dabe Bilbotik. Kasu guztietan, hezkuntzeagaz lotutako erespideetan oinarritutako saio dibulgatiboak izango dira.

Astegunetako bisitaldietan, Bizkai guztian sakabanatutako instalazino ugari bistau ahal izango ditue parte-hartzaileek: Beteluriko (Arrigorriaga) eta Garaizarko (Iurreta) edateko uren tratamendutegiak, Galindo (Sestao), Lekeitio, Ondarroa eta Arriandiko (Iurreta) hondakin-uren araztegiak, Unibersidadeko sifoia (Bilbo), Etxebarriko eta Santurtziko ekaitz-andela eta Undurragako urtegia (Zeanuri).

Zapatuetan, ostera, azpiegitura bi zabalduko ditue bisitaldietarako: Beteluriko edateko uren tratamendutegia eta Galindoko hondakin-uren araztegia.

Informazino zabalagoa eta izena emoteko bidea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu