Martxan da 2022ko Lauaxeta Olerki Lehiaketea
2022-09-13 10:47 KultureaZemendiaren 15era arte aurkeztu leitekez lanak.
Mungiako Udalak 2022ko Lauaxeta Olerki Lehiaketearen deialdia zabaldu dau. Berez, urriaren 1etik aurkeztu ahal izango dira testuak, baina dagoeneko aurtengo edizinoaren ezaugarrien barri emon dabe Udaleko arduradunek. Ohiko moduan, euskerazko olerkigintzea bultzatzea izango da lehiaketearen helburua, eta baita Esteban Urkiaga, Lauaxeta, XX. mendearen hasierako idazle eta euskaltzale handiari gorazarre egitea be, Mungiagaz lotura estu-estua izan eban eta.
Hain zuzen be, Lauaxetaren olerki ezagun bat izango da aurtengo edizinoan aurkeztu beharreko lanen gaia edo oinarria. Langille eraildu bati da, eta lehiaketara aurkezten diranek olerki horren interpretazino librea egin beharko dabe.
Gai horri lotuta eta euskera hutsean idatzita egotea dira baldintza nagusiak. Errimeari eta neurriari jagokonez, ostera, antolatzaileek ez dabe mugarik jarri. Hori bai, aurkeztutako olerkiek gitxienez 100 bertso-lerroko testua izan beharko dabe eta gehienez 200ekoa.
Zemendiaren 15era arte bialdu leitekez testuak. Papelean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, gutunazal zarratu baten barruan. Hiru bide ditue parte-hartzaileek: Udalaren Egoitza Elektronikoa, posta arrunta (Mungiako Udala, Euskera Saila. Trobika 1, 48100, Mungia) eta HAZ bulegoa.
Saritu bi egongo dira. Irabazleari 800 euro emongo deutsez eta bigarrenari 500.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!