'Etorkizuneko mobikortasunak' uda ikastaroa emongo dabe Bilbon
2022-09-09 07:55 Pil-pileanGuggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUk atonduta.
Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUk Etorkizuneko mobikortasunak uda ikastaroa eskainiko dabe datorren irailaren 12an eta 13an Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan. Norman Foster komisario dauen eta irailaren 18ra arte Museoan ikusgai dagoan Motion. Autos, Art, Architecture erakusketeari amaierea emoten deutson Future aretoa osotzen daben diseinu eta teknologia-proiektuak landutako eskola eta unibersidadeetako profesionalek hartuko dabe parte saioetan.
Manuel Cirauqui Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradun eta Future aretoko komisarioak zuzendutako ikastaroa erakusketearen babesle dan Volkswagen Group-en laguntzaz atondu da eta bertan izango dira Tony Jankowski eta Melanie Köcheler, Diseinu-estrategia saila, Volkswagen Future Center Europe (VFCE).
Egun biotan, adituek mobikortasunaren inguruko zenbait proiektu utopiko erakutsiko ditue euren zuzendaritzapean nazinoarteko hamabost eskola eta unibersidadeko ikasleek Future aretorako jorratu dituen egitasmoak eta tokian tokiko zein munduko ekonomien jasangarritasunari buruzko galdera premiazkoenei
helduko deutsee. Mobikortasunaren etorkizunean sakontzea da helburua, baita diseinatzaile, teknologo eta injineruen belaunaldi barriek mobikortasunagaz eta jasangarritasunagaz lotutako proiektu barritzaileak zehazteko daben gaitasunean be.
Ponentzien, kasu praktikoei buruzko adibideen eta mahai-inguruen bidez, baterako ikaskuntzan, alkarrizketan eta transferentzian oinarritutako plataforma lez jardutea da ikastaroaren asmoa eta mobikortasunaren gaiak lotzen dituan arloetako profesionalei eta ikasleei dago zuzendua: autoen diseinua zein arkitektura, uri-plangintzea, gizarte eta ingurumen-zientziak, diseinua eta artea lako arloetara.
Jasangarritasuna Guggenheim Bilbao Museoaren 2021–2025 Plan Estrategikoaren konpromiso nagusietako bat da. Holan, honako ikastaro hau Museoak garapen jasangarriaren alde egina dauen apustuaren baitan kokatzen da, izan be, aurreikusita dau ingurumenari eta sensibilizazino ekologikoari buruzko
hausnarketarako gune bat txertatzea programa publikoetan eta erakusketa eta hezkuntza-programazinoan.
Programea
Irailaren 12an eta 13an.
Guggenheim Bilbao Museoan
Parte-hartzaileak: Royal College of Art, Art Center College of Design, Tecnológico de Monterrey, Nafarroako Unibersidadea, Hongik Unibersidadea, Tsinghua Unibersidadea, Politecnico di Milano, ETH Zurich, Umeå University, TU Delft, MIT Media Lab, Yale Unibersidadea eta Tokio eta Lurmutur Uriko unibersidadeetako
ordezkariak. Tony Jankowski eta Melanie Köcheler, Diseinu-estrategia saila, Volkswagen Future Center Europe (VFCE); Norman Foster Foundationeko ordezkariak eta Manuel Cirauqui, ikastaroaren zuzendari eta Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna.
Hizkuntzea: gaztelania eta ingelesa aldibereko itzulpenagaz.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!