Arte eszenikoak Bizkaiko museoetara eroango ditu II. MusEkintzak

Bizkaie! 2022-09-02 10:11   Kulturea

Irailetik bagilera, programazino zabala atondu dabe.

Uda aurretxuan amaitu zan MusEkintza zikloaren lehenengo edizinoa eta, denporarik galdu barik, bigarrena be prest dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta foru jaubetzako museoek. Irailaren 10ean hasiko da MusEkintza eta 2023ko bagilera bitartean, arte eszenikoakaz lotutako ikuskizun ugari egongo dira herrialdeko museo eta erakuslekuetan.

Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok azaldu dauenez, lehenengo edizinoan baino museo gehiagotara helduko da II. MusEkintza eta disziplina artistiko gehiago sartu ditue programan: zinemea, antzerkia, musikea, jantzea, ilustrazinoa, poesia, eskulturea, modea eta bertsoak.

Honeek izango dira zikloaren egoitzak: La Encartada fabrika museoa (Balmaseda), El Pobal burdinolea (Muskiz), Txakolingunea (Bakio), Euskal Herria Museoa (Gernika), Arkeologi Museoa (Bilbo), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Muñatones gaztelua (Muskiz), Mariaren Bihotza plazako aztarnategia (Bilbo), Berreginen Museoa (Bilbo), Europa Parkea (Bilbo) eta Santimamiñe (Kortezubi).

Egitarau osoa hemen (PDF).

Museoak, leku historikoak eta arte eszenikoak bateratzen dituan jaialdia dala dino Lorea Bilbaok, bestelako publikoa erakarri guran. Museoak bizibarritzeko ekimena da, espazio bizidun moduan eta arte guztien arteko sinergiak sortzen diran leku moduan indartzeko.

Museo edo espazio bakotxera egokitutako argiztapena eta proiekzinoak atonduko ditue ikuskizunetan, publikoaren esperientzia indartzeko eta girotzeko.

Irailaren 10ean, II. MusEkintzari ekiteko, A vueltas con Lorca obrea ikusi ahal izango da Bizkaiko Arkeologi Museoan, Emi Ecayk zuzendua. Irailean beste emonaldi bat be badago, Ganso & Ciak Babo Royal antzeztuko dau 24an, Muñatonesen.

Hurrengo hileotan zikloan parte hartuko dabenen artean, artista eta konpainia ezagunak dagoz, besteak beste, Mikel Martinez antzezlea, Bilboko Udal Txistulari Bandea, Matxalen Bilbao eta Natalia García jantzariak, Atx Teatroa eta Ez da kasualitatea saioko bertsolariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu