Irailean 29 ikuskizun Bilboko Eszena Kalera-n

Bizkaie! 2022-09-01 09:35   Kulturea

Irailaren 2an izango da lehenengo saioa, Atxuri auzoan.

Ganso & Cia konpainiaren 'Mambo Bingo' Olabeagara helduko da hilaren 6an (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kaleko arteak uriko auzoetara eroatea da Bilboko Udalaren Eszena Kalera zikloaren helburua. Horretarako, programazino oparoa atondu dabe maiatzetik irailera eta, beraz, udako deskantsuaren ostean, azken hileari ekingo deutso. Irailaren 2an hasita, bertoko 17 konpainiak 29 ikuskizun eroango ditue auzoetara.

Udalak dino Euskadiko kaleko arteen zirkuiturik handiena dala Eszena Kalera. Ganera, bilbotarrek esku-eskura ditue ikuskizunak, auzo guztietara heltzen diralako. Iraileko aldi honetan zirkua, clowna, jantzea, magia eta kale antzerkia egongo dira aukeran.

Hizkuntzearena da Eszena Kalerak dauen beste arduretako bat. Euskeraz diran ikuskizunek leku handia hartzen dabe eta elebidunak eta testu bakoak be programetan ditue. Normalean, familia guztiarentzat aproposak diran proposamenak dira.

Lehenengo hitzordua barikuan, hilak 2, izango da, Atxuriko Enkarnazino plazan (19:00). Proyecto Larrua eta Eva Guerreroren konpainiek saio bikotxa eroango dabe bertara, Muda eta Gorpuztu laburra. Larruazalaren inguruko triptiko baten parte da lehena, alkarregaz eraldaketarako bidea hasten daben emakume biren istorioa.

Gorpuztu laburra, bestetik, jantza garaikideko ikuskizuna da, orekea bilatzeari eta lasaitasuna topetako burrukeari buruzkoa, eta sasoi historiko zein erlijino batzuetan gorputzak izan dauen lekuaren inguruko ikerketa batean oinarrituta dago.

Irailaren 25ean amaituko da Eszena Kalera, Errekalden eta Txurdinagan egingo diran ikuskizun bigaz. Egitarau osoa hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu