Getxoko nerabeek pandemian egindako gogoetak, erakusketa ibiltari batean
2022-08-30 10:06 KultureaIrailean eta urrian ikusi ahal izango da.
Pandemia sasoian, batez be itxialdian eta horren ondorengo asteetan, Getxoko nerabe eta gazteek gogoetea egin eta euren sentimenduak agertzeko aukerea izan eben, Bi Hotz alkarteak koordinautako tailerren bidez. Udalerriko ikastetxeetan egindako lan haren emoitzea gizarteratzeko, Itzaletik erdigunera: nerabeen ikuspegitik memoria kolektiboa eraikitzen pandemia garaian izeneko erakusketa ibiltaria atondu dabe Getxoko Udalaren laguntzaz.
Irailean eta urrian ikusi ahal izango da. Lehenengo, irailaren 23tik 30era, Fadurako kiroldegian; ondoren, urriaren 7tik 14ra, Gobelako kiroldegira eroango dabe. Ganera, aurrerago Algortako eta Romoko gaztelekuetan erakusketea ipinteko asmoa be badago.
Infografiak dira erakusketearen oinarria. Gazteek sensibilizazino-tailerretan egindako lana erakusten dabe, eta pandemia zelan bizi izan eben jakiteko lekukotasun baliotsua dira. Ganera, Getxon pakea eta memoria historikoa eregiteko eragile lez gazteek daben zeregina be erakusten dauela dino Udalak.
Getxoko Gazteria Zerbitzuko zinegotzi Gonzalo Ayok nabarmendu dauenez, proiektu honek garrantzi eta aukera handiak dakarz; izan be, pandemiak zelan eragin deutsen aztertzeko eta hausnartzeko gune interesgarria eskaini deutse gazteei. Gogoratu behar dogu COVID-19aren krisiak eragin handia izan dauela gazteakan, batez be osasun mentalari jagokonez. Horregaitik, huste eregitzailerako espazioak sustatu behar doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!