Aste Nagusiko programa ofizialak 1,6 miloe lagun erakarri ditu

Bizkaie! 2022-08-29 08:23   Pil-pilean

Bilboko Udalak jaien balorazino bikaina egin dau.

Marijaia, 2022ko txupinean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte biko etenaren ostean, 2022ko Bilboko Aste Nagusia jentetsua izango zala aurreikusita egoan, eta Bilboko Udalak zabaldu dituan datuen arabera, halan izan da. Juan Mari Aburto alkateak behin behineko datuak emon ditu, azken eguneko jardueren faltan, baina aurtengo edizinoaren arrakastearen erakusgarri dira: egitarau ofizialeko jardueretan 1,6 miloe lagunek hartu dabe parte, eta horri gehitu behar jakoz eragile pribaduek eta Bilboko Konparsek antolatutakoetara joandakoak.

Ilusinoak, alaitasunak eta giro onak kaleak bete ditue, gustu eta edade guztietarako kultur eta aisialdi programazino zabala eta dobakoa eskainiz, adierazo dau Aburtok. Udalak egitarau parte-hartzailea eta edegia, inklusiboa, errespetuzkoa eta bardintasunean oinarritutakoa diseinau dauela ganeratu dau. 500 jarduera inguru egon dira bederatzi egunean.

Alkatearen ustez, herritarren eta jaietan parte hartu daben guztien portaerea eredugarria izan da. Horrek ez dau esan nahi lapurretarik eta bestelako erasorik egon ez danik, baina gehienbat lasaitasuna izan da nagusi, Aburtok azpimarratu dauenez. 157 lagun atxilotu ditue, tartean sexu erasoak egin dituen zazpi. Ziztadei jagokenez, orain arte zazpi salaketaren barri dau Udalak.

Eragin ekonomiko nabarmena be izan dau Aste Nagusiak urian, Udalaren datuen arabera, 110 miloe eurotik gorakoa. 1.700 lanpostu sortzen lagundu dau horrek.

Ekitaldiei jagokenez, ohiko moduan, su artifizialak, Txikigunea eta kontzertuak izan dira jentetsuenak. Piroteknia erakustaldiek miloe bat lagun inguru batu dabela kalkulau dau Udalak, zenbaki zehatzak emotea gatxa dan arren.

Txikigunean be jente piloa ibili da. Han atondutako jardueretan hartu dabe parte 160.000 umek eta hareen familiek. Kontzertuetan, jentetsuena ETSrena izan zan, 14.000 lagun. Pregoiak eta txupinak be jente ugari erakarri eban lehenengo egunean, 40.000 bat persona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu