Alauda Ruiz de Azuaren 'Cinco lobitos', Oscar Sarietako lehian
2022-08-25 13:22 ZinemeaEspainiaren ordezkari izateko hautagaien artean dago.
Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarraren lehenengo film luzea da Cinco lobitos, komunikazinoaren, amatasunaren eta familiaren inguruko gogoetea dakarren istorioa. Oscar Sari entzutetsuetan parte hartzeko lehian sartu da, Nazinoarteko Pelikularik Onenaren kategorian.
Espainiak sail horretarako hautagai bat bialtzeko aukerea dau urtero. Momentuz, 2023ko zezeilean egingo dan edizinora begira, hiru hautagai aukeratu ditue, tartean Ruiz de Azuaren Cinco lobitos. Besteak, Carla Simón katalanaren Alcarràs eta Rodrigo Sorogoyen madrildarraren As bestas dira.
Irailaren 13an jakingo dogu hiru horreetatik zeinek ordezkatuko dauen Espainia Oscar Saria irabazteko hurrengo fasean. Ruiz de Azuarena aukeratu ezkero, nazinoarteko film askoren arteko beste fase batzuk be pasau beharko ditu Oscarretako izendapen ofiziala jasoteko. Hortaz, bide luzea dau aurretik, baina lehenengo pausua egin dau zinemagile barakaldarrak, Espainiako finalisten artean sartuta.
Cinco lobitos maiatzean ikusi ahal izan zan zinema-aretoetan. Berlinale jaialdian be parte hartu eban eta zinemaldi batzuetan zeresana emon eban, adibidez Malagakoan. Pelikularik eta gidoirik onenen sariak irabazi zituan han, baita Publikoarena eta aktore nagusienak be. Feroz Saria be emon eutsen.
Madrilen eta Bizkaian 2021eko garagarrilean errodautako filma da, eta aktore nagusiak dira Susi Sanchez, Ramon Barea, Mikel Bustamante eta Laia Costa. Alauda Ruiz de Azuak berak azaldu dauenez, film familiarra da, lagun artean maitasunez egina. Hazten joan dan proiektu txikia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!