Egitarau zabala Donostian, abuztuaren 31ko hondamendia gogoan

Bizkaie! 2022-08-25 10:17   Pil-pilean

Lora eskaintzea, desfilea, berbaldiak eta erakusketak, besteak beste.

1813ko abuztuaren 31n, tropa ingeles eta portugaldarrek Donostia menperatu eta su emon eutsen. Orain dala mendi bi pasautxuko hondamendia gogoratzeko ekitaldiak egiten ditue urtero, eta aurten be egitarau zabala atondu dabe. Gomutea, historia eta kulturea buztartzen ahalegindu da Donostiako Udala programea egiteko orduan.

Ekitaldi nagusiak abuztuaren 31n izango diran arren, asteon bertan hasiko dira jarduera batzuk. Gaur, eguena, erakusketea zabalduko dabe San Jeronimoko aretoan, hilaren 30era arte. Leku berean, berbaldiak egongo dira: 26an, D.R. Guirao Larrañagaren La batalla de San Marcial (1813); 29an, D.J.J. Pi Chevroteren Las fortificaciones de San Sebastián; eta 30ean, D.J. Mª Leclercq Sáizen El asalto del 31 de agosto.

Goizeko 11:30ean hasiko dira abuztuaren 31ko ekitaldi nagusiak. Lehenengo, eleizkizuna egingo dabe San Bizenten, Easo Araoz Gazte Abesbatzea, Aiert Beobide jantzaria eta Udal Txistulari Bandea parte-hartzaile dirala. Ondoren, Donostiako ordezkari gorenak buru, lora eskaintzea egingo dabe Itsasoko Atean.

Arratsaldean izango dira ganerako ekitaldiak. Zuloaga plazatik urtengo dau desfileak eta 19:00etan minutu bateko isilunea egingo dabe Bulebarrean. Bretxako erasoaren eta uriaren okupazinoaren antzezpenerako tartea be egongo da 19:30ean, eta 21:00etan, ostera, Gazteluaren erasoarena eta Donostia erretearena egingo dabe.

Kanpai hotsek hartuko dabe uria 21:30ean eta Abuztuaren 31 kaleko argiak amatau eta kandelak biztuko ditue. Suzirien argitan egingo dabe zeremonia martxea, San Bizente eleizatik Santa Maria eleizara, Jose Maria Usandizagaren Abuztuaren 31ko hildakoen martxearen airea lagun.

Beste alde batetik, 1813ko hondamendiaren inguruko film laburra be egin dabe, Sutan izenburuduna. Naia Artzamendi zuzendari eta gidoilariak emongo dau pelikulearen barri San Jeronimo aretoan, hilaren 31n bertan, eta filma proiektauko dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu