Hontzak-ek irabazi dau Kanpaia Saria

Bizkaie! 2022-08-25 08:20   Pil-pilean

Dekorazinorik onena dauen txosneari emoten jako sari hori.

Hontzak-ekoei Kanpaia emoteko ekitaldia (argazkia: Bilboko Konpartsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Konpartsak alkartearen parte diran txosnen arteko lehiaketea da Kanpaia eta Eulia. Aste Nagusian ondoen apaindutakoari emoten deutse Kanpaia, eta eskasenari Eulia. Herritarren botoetan oinarrituta aukeratzen dira irabazleak.

Aurtengo edizinoan, Kaskagorri konparsan hasi da Kanpaia eta Eulia emoteko kalejirea. Itziar Lazkano pregoilaria, Iratxe Palacios txupinerea eta konparsetako kide ugari izan dira bertan. Jaigunea ia alderik alde zeharkatu behar izan dabe Kanpaia emoteko, irabazlea Arenaleko beste muturrean dagoan txosna bat izan dalako, Hontzak.

Inor epel ixten ez daben dekorazinoak izaten dira Hontzak-en txosnearen urteroko ezaugarria. Aurten, ustelkeria politikoa eta EAJren nagusitasuna salatu ditue engranaje eta entxufe handien bidez. Jaigunean ibili diran parrandazaleek gustuko izan dabe Hontzak-ekoen dekorazinoa, eta boto gehien txosna horrek batu ditu.

Botazino herrikoiaren arabera dekorazinorik eskasena dauen txosneari, ostera, Eulia Saria jagoko. Aurten Irrintzi konparsearentzat izan da Eulia. Euskaltasunari erreferentzia egiten deutse Irrintzikoek, baina ez da jaigunera hurreratu diranen gustukoa izan, itxuraz.

Hontzak-ek sarri irabazi izan dau Kanpaia, eta Irrintzik be Eulia eroan izan dau behin baino gehiagotan; hortaz, boto emoleek klasikoen alde egin dabela esan leiteke. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu