Gernika memoria demokratikoaren erreferente izango da
2022-08-24 08:29 Pil-pileanIrailetik, legezko izakerea izango dau izendapenak.
1936ko gerrearen zein ondorengo diktadurearen errepresinoaren eta herritarren kontrako indarkeriaren leku sinbolikoak eta ondasun kulturalak zerrenda ofizial batean sartzea adostu dau Espainiako Kongresuak. Bertan izango da Gernika be, Udalak berak azaldu dauenez.
Memoria demokratikoaren erreferenteak batzen dira zerrendan, legeak dinoanez. Aurreikuspenen arabera, irailean legezko izakerea hartuko dau ekimenak. Gernikagaz batera, 1936ko estadu kolpearen eta Francoren diktadurearen indarkeria jasan eben beste leku asko dagoz zerrendan, esate baterako, Donostiako La Cumbre jauregia eta Madrilgo Erorien Harana.
Legearen helburua da errepresinoari eta indarkeriari lotutako jazoera garrantzitsuen lekuko izan ziran espazio higiezinak, parajeak edo kultura-ondare immaterialak gogoratzea, balio demokratikoak berreskuratzeko eta sendotzeko burrukea aurrera eroateko.
Gernikako herria, batez be, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketeagaitik da ezaguna. Udalak azaldu dauenez, herriak balio sinboliko sakona dau balio demokratikoen defensan. Izan be, bonbardaketea basakeriaren gomuta iraunkor bihurtu zan, eta demokrazia heldu zanetik, Gernika pakearen eta biktima errubakoen sufrimenduaren erreferente da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!